
Landareek bizirauteko ura behar duten bezala behar dituzte erleek hegoak loreetara gerturatzeko. Eta gizakiok, zein oinarrizko behar ditugu?
Digitalizazioaren garaian bizi gara eta honek gure bizimoduetan zuzen zuzenean eragin du; bizimodua erraztu digute hainbat aurrerakuntza teknologikok, baina guztia abantaila al da? Ditugun beharrak asebeteak al daude?
Gure gorputzaren diseinua ikusi besterik ez dago mugimendurako sortuak garela antzemateko. Mugimenduak eta jarduera fisikoaren praktika erregularrak, gure organismoaren osasunean eragin zuzena izango du, baita gure garunaren funtzionamenduari dagokionean ere. Ezagun ditugu jarduera fisiko erregularrak eskaintzen dizkigun onurak, arlo sozial, emozional, mental zein fisikoan.
Herritar osasuntsuak hezte bidean, irakasleok badaukagu zer hausnartu eta zer egin; ikasle garaian ereindako haziak etorkizunean loratzen baitira.
Gure eskoletako egitura arkitektonikoak, gorputzak geldirik eta eserita mantentzeko diseinatuta daude, gorputzak modu pasiboan hartzen dutelarik parte. Vacak (2006) aipatzen duen bezala, badaude eskolako hainbat zeregin non gorputzak oharkabean uzten diren, gorputz isilduak nahi diren. Gaur egungo hezkuntza sisteman, ikasle bakoitzak bataz beste bost eta zortzi ordu artean pasatzen ditu eserita eguneko (Ruiz Ariza et al. 2021).
Gorputza eta buruaren arteko banaketa egiteko joera gailentzen da eskoletan oraindik ere, benetan erreparatu gabe batak bestearekiko duen elkarmenpekotasunean, biak osotasun beraren zati direla konturatu gabe.
Garunaren funtzionamendu eta ezagutzan sakontzean, zientziak berresten du «mens sana in corpore sano» leloa. Ikerketek baieztatu dute fisikoki aktibo mantentzeak garunaren narriatzea oztopatuko duela, zahartze prozesua alegia (Pastor, 2023). Hillman et al. (2009, Pellicer, 2015 ean aipatua) ikerlariek, jarduera fisikoaren eta eskolako errendimendu akademikoaren arteko eraginak aztertu zituzten. Jarduera fisikoa egin ostean haurrek erantzunen azkartasun eta zehaztasunean hobetu zutela ondorioztatu zuten, baita errendimendu akademikoa hobea zela ere.
Jarduera fisikoak oroimena hobetzen du edozein adinetan eta gainera emaitzak nahiko azkar antzeman daitezke (Pastor, 2023). Hori horrela, argi geratzen da jarduera fisiko erregularra egiteak ondorio metagarri positiboak eskaintzen dituela.
Gaur egun eskoletan ditugun Gorputz Heziketako bi ordu eskasak (1,5 ordu kasu batzuetan), ez dira nahikoa errendimendu kognitibo eta akademikoan eragiteko eta eskaini ditzaken onurak lortzeko. Ezta, MOE (Munduko Osasun Erakundea)k sedentarismoari aurre egiteko eta bizimodu osasuntsuetara gerturatzeko gomendatzen dituen jarduera fisiko kopurura iristeko ere.

Eskolako eragile guztien ardura izango da gure ikasleen ongizatea bermatzea, gure gorputzek behar duten mugimendua eskaintzea eta haurren ikasketa prozesu eraginkor eta aberatsa ahalbideratzea. Aldendu gaitezen egitura arkitektoniko sedentarioez, alboratu ditz agun oharkabean pasatzen diren gorputz isilduak eta goazen gure gorputzek behar dutena ematera.
Ildo honetatik, interesgarriak izan daitezke Physical Activity Learning (Mugimendu bidezko irakaskuntza) bezalako metodologiak aplikatzea edo atseden aktibo planifikatuak txertatzea. Horrela, gure ikasleak eserita igarotzen duten denborak murriztu ditzakegu, jarduera fisiko moderatu edo biziaren praktika areagotuz eta ikaskuntza prozesua aberastuz. (Méndez-Giménez, 2020; Solís Antúnez, 2020).
Zer gertatuko litzaioke landareari urik emango ez bagenio? Eta erleari hegoak astintzen utziko ez bagenio? Jarri dezagun mugimendua hezkuntzaren muinean eta eman diezaiegun haurrei behar dutena; asetu ditzagun beraien beharrak. Eman diezaiegun ura, eman diezazkiegun hegoak eta eman diezaiegun… mugimendua!
______________________________
Olatz Manuel
_________________________________________________________________________
Bibliografia:
Méndez Giménez, A. (2020): Resultados académicos, cognitivos y físicos de dos estrategias para integrar movimiento en el aula: clases activas y descansos activos. Revista EuroAmericana de Ciencias del Deporte , vol. 9(1), orr. 63-74
Pastor Campos, D (6 de febrero de 2023). Deporte y memoria, una pareja muy bien avenida. The conversation. http://bitly.ws/BTtv
Pellicer, I (2015). NeuroEF; La revolución de la Educación Fisica desde la neurociencia. Inde editorial.
Ruiz- Ariza, A. et al. (2021). La actividad física como medio para cultivar la inteligencia en el contexto escolar. Revista Española de Pedagogía , vol. 79(278), orr. 161-178
Vaca. M (2006). Estoy dentro de mi cuerpo. Cuadernos de Pedagogía. vol 26 (353)