• HASIERA inicio
  • ZERBITZUAK Servicios
  • TALDEA Nosotros
  • KONTAKTUA Contacto
  • BLOG
    • ZURE OSASUNA, ZURE ESKU (ETA ZURE OINETAN)

      Posteado a las 7:10 am por admin, el 17 abril, 2026

      Mondragon Unibertsitateko kirol zerbitzutik, gure unibertsitateko komunitatea osatzen duen ikasle eta langileen artean jarduera fisikoa eta ohitura osasuntsuak sustatzea dugu helburu nagusi. Osasuna ez baita soilik kirol gogorra egitea, eguneroko hautu txikiek gure bizi-kalitatean duten eragina zaintzea baizik.

      Aurtengo osasun astearen barruan, mezu argi bat zabaldu nahi dugu: erabili eskailerak! Askotan, ohituragatik edo erosotasunagatik, igogailura jotzen dugu solairu bat edo bi igotzeko ere. Kanpaina honen bidez, inertzia hori hautsi eta mugimenduaren aldeko hautua egitera bultzatu nahi dugu unibertsitateko komunitatea.

      picture from Freepik

      Zergatik da hain gomendagarria keinu soil hau? Hona hemen eskailerak igotzeak eskaintzen dizkigun onura nagusiak:

      • Osasun kardiobaskularra: bihotz-taupadak bizkortzen ditu, odol-fluxua hobetuz eta bihotza indartuz.
      • Indar muskularra: hanketako eta gluteotako muskuluak tonifikatzeko modu natural eta eraginkorra da.
      • Gaixotasun ezberdinak saihesten laguntzen du
      • Denboraren kudeaketa: askotan, igogailuaren zain egon beharrean, eskailerak erabiltzea azkarragoa da solairu gutxi batzuk igotzeko.

      Garrantzitsua da jakitea onura horiek guztiak ez direla soilik toki batetik bestera desplazatzearen ondorioz lortzen. Eskailerak, bere horretan, entrenamendurako tresna bat dira. Zure ikasketa edo lan saioan 5 minutuko etenaldia egin dezakezu eskaileretan gora eta behera egiteko; modu horretan, eserita daramazun denbora konpentsatu eta bihotza aktibatuko duzu, beste ezeren beharrik gabe. Eskailerak, beraz, gure campuseko doako gimnasioak dira, edozein unetan erabili ditzakegunak.

      Beraz, esan dezakegu osasuna mugimenduan dagoela. Gaurtik aurrera, gogoratu; eskailerak ez dira bide bat soilik, zure osasuna hobetzeko aukera bat dira. 

      Zeren zain zaude?? batu bizi ohitura osasuntsuetara!! Zure osasuna zure eskuetan (edo oinetan) dago eta!!

      _________________________________

      Igor Altube

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • Lehenik konektatu: pertsonarekin lan egitearen funtsa

      Posteado a las 2:42 pm por admin, el 31 marzo, 2026

      Osasun arloan, eta pertsonarekin zuzenean lan egiten den beste edozein esparrutan, bada printzipio bat gure jardun osoa gidatu beharko lukeena: aurrean dugun pertsonarekin konektatzea. Teknika, protokolo edo ezagutza maila edozein dela ere, funtsezkoa da pertsonak gugan konfiantza izatea, gure laguntzarekin bere bizitza hobetu daitekeela sentitzea. Konfiantzarik gabe, esku-hartzerik onenek ere indarra galtzen dute.

      Behin harreman hori eraikita, orduan sartzen dira jokoan gure tresna profesionalak: ezagutza teknikoa, garatutako gaitasunak eta etengabeko prestakuntza. Zenbat eta tresna gehiago izan gure esku —bai teknikoak, bai harremanetarako gaitasunak, hala nola entzute aktiboa, enpatia edo komunikazio argia— orduan eta aukera gehiago izango ditugu erantzun eta irtenbide egokiak eskaintzeko. Hala ere, tresnak izatea ez da nahikoa: ezinbestekoa da noiz eta zergatik erabili jakitea. Hor dago prestakuntza jarraituaren eta lankidetzaren benetako balioa.

      Batzuetan, nahikoa da pertsona bat benetan entzutea edo bere egoera ulertzen saiatzea, esku-hartze teknikoa baino lehen.

      Pertsonarekin lan egiteak badu gogorarazten digun egia bat: ez dago gauzak egiteko modu bakarra. Pertsona bakoitza konplexua da, eta batentzat baliagarria dena ez da zertan beste batentzat egokia izan. Horregatik, garrantzitsua da geure ezagutza bera ere zalantzan jartzea, aukerak aztertzea eta ikuspegi berrietara irekita egotea. Askotan, helburu berera iristeko hainbat bide daude, eta egoera bakoitzak bere egokitzapena eskatzen du.

      picture from Freepik

      Azken batean, profesional izatea ez da soilik metodoak erabiltzea: esan nahi du konektatzea, konfiantza sortzea, teknika eta gizatasuna uztartzea eta etengabe hausnartzea nola hobetu. Hori lortzen dugunean, gure lana ez da eguneroko zereginen multzo bat soilik; benetako eragina duen jarduera bihurtzen da, bai guretzat, bai laguntzen ditugun pertsonentzat.

      Azkenik, gogoratu behar dugu bikaintasun profesionala ezagutza, trebetasuna, irizpidea, gizatasuna eta lankidetza uztartzetik sortzen dela. Horregatik, gure lanaren oinarria honela laburbildu daiteke: konektatu, ikasi, zalantzan jarri eta erabili. Hori da gure lanari benetako zentzua ematen diona.

      ________________

      Imanol Sobrado

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • Athlon Kudeaketa, gure bigarren zortzimilakoa

      Posteado a las 1:56 pm por admin, el 13 marzo, 2026

      2012an kirol instalakuntzen kudeaketaren alorrean hasi zen Athlon; ia 14 urte igaro dira. Ordutik bidea egin dugu bi iturburu nagusietatik edanez: lana eta ilusioa.

      Hasieran fakturatzen genituen 750.000€-etatik 6.500.000€-tara pasatu gara, eta zortzimilako hau konkistatzeko diseinatu genuen kordada arina, honezkero, espedizio astun bilakatu da.

      Athlon Kudeaketaren hazkundea Athlon Elkarte Kooperatiboaren hazkundearen eskutik etorri da, ez dago bata bestea gabe ulertzerik, bestela ezinezko abentura litzateke gurea.

      Alpinista talde gazte eta sendoa doa Athlon Kudeaketaren urratsen gainean, era berean, trebeak eta ausartak diren Athlon Kooperatiba Elkarteko sherpak beti daude gertu aldapa gogorrenetan soka finkoa botatzeko.

      Metro asko igo ditugu urte guzti hauetan, oztopo ugari gainditu. 20 kiroldegi kudeatzen ditugu gaur egun eta nahiko genuke metroak irabazten jarraitzea. Indartsu sentitzen gara; kranpoiak erraz sartzen dira izotzetan eta motxilaren zama eramangarriagoa da.

      Athlon Kooperatiba Elkartearekin lehen zortzimilakoa igo genuen; espedizio buruak botak zintzilikatu zituen. Bigarren zortzimilakoa garaitzeko etxejaun berriak ditugu, estilo berria, azken belaunaldiko materiala.

      Azken urteotan, bidea ekipatu dugu, 4. kanpalekura hainbat aldiz igo gara, aklimatazioa txukun doa. Hala ere, mendiak errespetua merezi du eta zuhurtzia bidaide ona izan ohi da. Haren txistuari adi gaudela, oinarrizko kanpalekura bueltatzea erabaki dugu. Bidezidorra ondo aztertu behar dugu, indarrak neurtu, arnasa hartu, ideiak berritu.

      Apiriletik uztailera bitartean hausnarketa estrategikoa egingo dugu Athlon Kudeaketaren baitan. Enpresagintzak gidatuta saio ezberdinak programatu ditugu etorkizuneko negozioa definitzeko.

      Hausnarketa estrategikoarekin batera, hitzaldi sorta bat antolatuko dugu. Lehenengoa apirilaren 29an izango da 10:00etatik 12:00 Yeti Iriberriren eskutik, barkatu, Jon Iriberri esan nahi nuen: Gestion de personas, Sandbox de herramientas conceptuales, procedimentales y actitudinales para afrontar una tarea compleja.

      Laino artean gailurra ageri da, eta batek daki, handik jaitsi aurretik mendilerroa osatzen duten beste tontor zorrotzak zapaltzera animatuko da taldeko eskalatzaileren bat.

      Animatuko zara espedizioan parte hartzera? Apirilaren 29an Katmanduko Budisten tenplu Nagusian elkartuko gara, Loramendi 4 helbidean.

      ________________________

      Iker Etxeberria Atxa

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • Athlon Koop. E.k ADAGIO proiektuaren partaide

      Posteado a las 1:27 pm por admin, el 13 marzo, 2026

      LKS, ATHLON, CODESYNTAX, KREAN, ONDOAN eta SMART STRATEGY FOR COMMUNICATION enpresek osatutako partzuergoa ADAGIO proiektua garatzen ari da VICOMTECH Zentroaren laguntzarekin. Ekimen horren helburua da Adimen Artifizial Sortzailean eta hizkuntza sortzaileen ereduetan (LLM) oinarritutako testua automatikoki sortzeko sistema ikertu eta garatzea.

      ADAGIOk industriaren erabilera espezifikoetara egokitu daitekeen sistema bat aztertzea eta garatzea du helburu, hizkuntza-ereduak domeinu eta erabilera espezifikoetara egokituz. Zehazki, lau erabilera-kasu nagusi biltzen ditu, «guztiak partzuergoko enpresen beharretan oinarrituta», zehaztu dute. Lehenengoan, dauden zehaztapen teknikoetan eta aurretiazko dokumentazioan oinarritutako memoria eta eskaintza industrialak sortzea lantzen da. Bigarrenik, lehendik dagoen dokumentaziotik abiatuta eduki berriak sortzea. Eta hirugarrenak eta laugarrenak marketinaren arloa eta osasunarekin eta jarduera fisikoarekin lotutako ikastaroak hartzen dituzte.

      ADAGIO proiektuak HAZITEK programaren finantzaketa jaso du, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailarena, bai eta Europar Batasunarena ere (EGEF).

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • Athlon Koop E.-k Vicomtech-ren laguntzarekin, jarduera fisikoa sustatzeko eta neurtzeko NagusIA proiektua garatu du

      Posteado a las 1:24 pm por admin, el 13 marzo, 2026

      Athlon Koop. E.ak, Arrasaten kokatutako kooperatibak, jarduera fisikoa eta bizimodu osasuntsuak sustatzea du helburu. Bide honetan Vicomtech berrikuntza eta teknologia zentro adituarekin elkarlanean NagusIA proiektua garatu du.

      NagusIA proiektua, egoitzetan dauden persona nagusiei bideo bidez jarduera fisikoa egiten laguntzera eta honen jarraipena egitera bideratuta dago.

      Proiektu honek HAZITEK programaren finantzaketa jaso du, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailarena, bai eta Europar Batasunarena ere (EGEF).

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • Athlon Koop. E.ak ERNE-3D proiektuaren lideratu du

      Posteado a las 1:20 pm por admin, el 13 marzo, 2026

      Athlon Koop E., Eroski eta STT euskal enpresak eta Vicomtech zentro teknologikoa ERNE-3D proiektuan garatzen ari dira. Ekimen honen helburua da lan arrikusku ergonomikoak idenfikatzen laguntzen duen bideo bidezko tresna ikertu eta garatzea.

      ERNE-3Dk enpresek lan arriskuak detektatzeko tresna arina eta erabilerraza ikertzea eta garatzea da helburua. Horretarako enpresa adituez osatutako taldea sortu da, enpresaren beharrak eta teknologiak eman dezakeen erantzuna lerrokatzeko eta aztertzeko.

      Sortutako tresna, enpresetako lan arrisku prebentzionistak laguntzeko sortuko da.

      Proiektu honek HAZITEK programaren finantzaketa jaso du, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailarena, baita Europar Batasunarena ere (EGEF).

      Erne-3D proiektuko partaideek Eroskiko instalakuntzak bisitatu dituzte proiektuaren garapenerako.

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • Athlon Koop. E.k CARDIA proiektuan parte hartzen du

      Posteado a las 1:13 pm por admin, el 13 marzo, 2026

      Athlon Koop. E., Deusto Seidor eta Lanit euskal enpresak eta Vicomtech zentro teknologikoa CARDIA proiektua garatzen ari dira. Ekimen honen helburua da esfortsu-probak egiten dituzten medikuei bihotz arazoak hautematen lagunduko dien tresna ikertu eta garatzea.

      CARDIA proiektuak Adimen Artifiziala erabiliaz, laguntza tresna bat ikertu eta garatzea du helburu, esfortzu-probak egiten dituzten medikuei beraien lanean lagunduko diena.

      Proiektu honek HAZITEK programaren finantzaketa jaso du, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailarena, baita Europar Batasunarena ere (EGEF).

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • Kontziente izaten ikasten

      Posteado a las 10:20 am por admin, el 6 marzo, 2026

      Consejos vendo, pero para mí no tengo. Zenbat aldiz entzun dugu esaera zahar hau? Askotan. Eta zenbat aldiz eman ditugu aholku horiek, a priori, aplikatzeko errazak direnak? Askotan, baita ere.

      Horregatik, esaera zahar honekin hasi nahiko nuke. Ez naizelako inor aholkuak emateko.

      Azken hilabeteetan asko entzun dugun kontzeptu bati buruz hitz egin nahiko nuke, hau da, bakoitzaren foku emozional ospetsuari buruz, eta nola hori hain garrantzitsua den gure niarentzat eta mugitzeko dugun moduarentzat (ez fisikoki bakarrik).

      Eta, zer da foku emozionala? Gure arreta edo energia kontzienteki zuzentzea da. Hemen, ”kontziente” hitzean gelditu nahiko nuke; izan ere, arreta osoko teknika guztiak, mindfullnesak edo arreta kontzientea ere oso kontzeptu entzunak dira osasun mentala gehiago inportatzen hasi denetik.

      Kontzientzia da garrantzitsuena; izan ere, gure arreta modu horretan fokalizatzeko gai bagara, azkarrago etortzen da erlatibizazioa. Pufff Itziar, ze filosofikoa jarri zean… Bai, hala da. Baina benetan gure erantzukizuna denaren kontzientzia horrekin, gure onerako balio diguten pentsamenduak aukeratzeko gai izango gara.

      Eta hau guztia zertarako? Geroz eta gehiago entzuten da dimentsioak garela; dimentsio fisikoa, emozionala, mentala eta espirituala. Psikologo on batek gure lankide bati eta niri oso ondo definitu zigun gai hau; hau da, dimentsio hauetako batek huts egiten badu, besteek huts egingo dute. Badakigu antsietate-atake batek miokardioko infartu baten antzeko sintomak eragin ditzakeela edo depresioak giharretako mina duzula sinestarazten diezazukeela.

      Emozioi dagokionez, inbiriak edo beldurrak, gure jokabidean ikaragarrizko eragina du eta askotan ez gara gai ikusteko emozio horretatik mugitzen garela. Hauek fisikoki ondoeza sortzen dute ere.

      Okerrena da uste dugula hori guztia barneratuta daukagula, eta emozioei buruzko ia ikertzaile psikologiko guztiek diote gure jokabideen %90 emoziotik hartutakoak direla. Baina portaera egin aurretik emozio negatiboak erlatibizatzeko gai al gara?

      Horregatik, kontzientzia garrantzitsua da, gure pentsamenduak eta gure jokabidea ondo aukeratu ahal izateko. Eta konnotazio negatiboa duten pentsamendu horiek garunean hainbeste sar ez daitezen.

      Nire psikologoak trikimailu txiki bat eman zidan, aplikatzen saiatzen naizena: ondoeza sortzen dizun pentsamendu hori iristen denean, ozen esan GELDI eta arnasa hartu; ostean jokatu.

      Badakizue, consejos vendo…

      ___________________________________

      Itziar Bueno Arrizabalaga

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • MUGIMENDUA INKLUSIORAKO BALIABIDEA

      Posteado a las 9:09 am por admin, el 1 marzo, 2026

      Blog honetan behin baino gehiagotan hitz egin da gure ikasgaiaren (Gorputz Hezkuntza, Heziketa Fiskoa….) onuren inguruan: pertsonaren garapen integral eta harmonikoa alderdi gorpuztu, intelektual, afektibo eta sozialetan, sedentarismoari aurre egin , gorputzak osasuntsu mantendu,   koordinazioa, joko jolasen barne dinamikak ulertu, , talde lana, gaixotasunak ekiditu, ohiturak hartu, errespetua,  estrategia…  Zerrenda amaigabea eta benetan aberatsa  izan daiteke astean bi ordu edo ordu eta erdiko saioak dituen 2.mailako ikasgai batentzat.

      Baina gaur gure ikasgaiak eskaintzen dituen integratzeko aukerei  buruz hitz egingo dut.

      Ikastetxeak momentu honetan integrazioa eta inklusibitatearen laborategi dira. Alde batetik, neuroaniztasunaren gorakadak (TADH, dislexia, diskalkulia edo gaitasun handiak) irakaskuntza pertsonalizatuagoa eta dinamikoagoa eskatzen digu. Aditu askok diote adimen artifiziala honi erantzun egoki bat emateko iritsi dela  baina oraingoz ez dugu aurrerapauso handirik eman.

      Bestetik, errealitate soziolinguistikoak erronka handia dakar: gero eta ikasle gehiago datoz gure ikastetxeetara euskara  menderatzen ez dutenak, eta horrek euskararen egoera are larritzen du.  Are larriagoa bihurtzen da egoera, euskara menderatzen ez duen ikasle horrek gaztelera ondo menderatzen badu. Askotan berak ulertu dezan eta guk gaztelera badakigunez, gazteleraz egiten diogulako eta euskarazko azalpen gutxi entzuten ditu.

      Euskara ez jakiteak askotan euskal kulturara gerturatzeko oztopo izaten da eta hemen dator gure ikasgaiaren indarra. Gorputzaren mugimendua, keinuak eta jolasaren arauak hizkuntza internazionalak dira. Ikasle berri batek ezin badu azalpen teoriko bat ulertu, taldeko jolas baten dinamika «irakurri» dezake kideei begira.  Ez du ahozko hizkuntza baten beharrik esperientzia positiboak bizitzeko. Irakasleok erronka handia daukagu, guk prestatzen ditugun saioak , kurrikulumeko helburuak betez, ahalik eta erakargarrienak prestatzen. Bizipenetatik irakurtzen baino gehiago ikasten dela adierazten de Edgar Dale-ren piramidean,  eta gure ikasgaiak zerbait badu bizipenak dira.

      Ez dugu ahaztu behar inklusio honetan  hezkuntza ez formalak daukan indarra.  Hezkuntza ez formaleko ekintzak gozamenetik egiten diren jarduerak dira eta berezitasun honetatik tiraka, inklusiorako baliabide garrantzitsu bihurtzen dira.  Azken urtean Gipuzkoako Eskola Kirolak jasotako sententziak inklusioaren inguruko hausnarketa bat ere beharko luke baina norberaren zilborrera begiratzeak zaildu egiten du. Eskerrak asteazkenean Bilbon argi printza indartsu batzuk agertu ziren!

      Euskara ez dakien ikasle batek euskaraz hitz egiten duten talde batekin bizipen positiboak izanez gero, konfiantza eremu bat bezala ikusi du euskara eta euskal kultura.

      Beraz, gizarte bezala daukagun erronka honetan aprobetxatu dezagun gure ikasgaia euskaraz ez dakiten ikasleak euskal lagun taldeak egiteko eta euskal herri euskaldun batean integratzeko.

      ___________________________________________

      Kepa Isasmendi Gabilondo

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    ← Entradas más antiguas
    • Sígueme en Twitter

      Mis tuits
    • Entradas recientes

      • ZURE OSASUNA, ZURE ESKU (ETA ZURE OINETAN)
      • Lehenik konektatu: pertsonarekin lan egitearen funtsa
      • Athlon Kudeaketa, gure bigarren zortzimilakoa
      • Athlon Koop. E.k ADAGIO proiektuaren partaide
      • Athlon Koop E.-k Vicomtech-ren laguntzarekin, jarduera fisikoa sustatzeko eta neurtzeko NagusIA proiektua garatu du
    • Categorías

      actividad física Bicicletas EEUU equipamiento España Gimnasios Grandes Marcas Innovación Internet Mundo Nuevas tecnologías Salud Sostenibilidad Transporte Usuario
    • Archivos

    • Búsqueda

Blog de WordPress.com.

Blog de WordPress.com.
  • Suscribirse Suscrito
    • athlonblog.com
    • ¿Ya tienes una cuenta de WordPress.com? Inicia sesión.
    • athlonblog.com
    • Suscribirse Suscrito
    • Regístrate
    • Iniciar sesión
    • Denunciar este contenido
    • Ver el sitio en el Lector
    • Gestionar las suscripciones
    • Contraer esta barra
 

Cargando comentarios...