“Hezitzaileok, sarri, begiek ikusten dutenaz gain, atzetik dagoena interpretatzen edo deszifratzen saiatu behar gara”
Gorputz hezkuntzak ibilbide luzea eta korapilatsua izan du historian zehar. Errendimenduko paradigmatik gatoz, eta hezitzaile/parte hartzaile paradigmara goaz. Horretarako ahaleginak eta bi egin ditugu horretan gabiltzan irakasleok eta mantso bada ere, hurbiltzen gabiltzala sumatzen dugu.
Gaur gaurkoz, Parlebasek (2001) ikerturiko akzio motor domeinuetan oinarrituta eta antolatuta dago Lehen Hezkuntza Heziketa Fisikoko Curriculumaren zirriborroa (2022). Ondorioz, ikasleek 6 egoera motor ezberdin esperimentatzen dituzte, kidea, aurkaria eta ingurune fisikoaren ziurgabetasuna aldagai bezala harturik. Honez gain, Larrazek (2009) Aragoiko curriculum proposamenean bezala, gorputz adierazmeneko akzio motorrak ere txertaen dira bertan.
Gaia testuinguraturik, hurrengo lerroetan “bakarka ematen diren akzio motorrei” buruzko proposamen didaktiko bat aurkeztu nahi da. Parlebasek (2001) dioen bezala, ingurune ziurrean eta bakarka ematen diren akzio motorrak dira eta jarduera psikomotorrak deituriko egoera motorren multzoa osatzen dute. Estereotipo motor baten errepikapenean oinarrituriko jarduerak dira eta helburua abilezia maila hobetzea da. Arrakasta mugimenduaren perfekzioarekin lortzen da eta horretarako errepikapen edota “burugogorkeria” ezinbestekoa da. Adibide gisara, gimnastika, atletismoa, igeriketa, sokasaltoa… bezalako egoerak datozkigu burura, non, behin eta berriz akzio motor berbera errepikatu behar den mugimenduaren perfekzioa lortzeko. Horrela esanda, ez dirudi nerabentzako oso erakargarria izan daitekeenik.
Proposamen didaktiko honek “Ferixia” du izenburutzat eta Arizmendi Ikastolako lankideekin batera sortutako proiektua da, nahiz eta gaur egun Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Zientzien Fakultatean (HUHEZI) Gorputz Hezkuntzako aipamena ikasten ari diren ikasleekin ere lantzen den. Bertan koordinazioa, oreka eta punteria bezalako gaitasun motorrak lantzen dira. Labur azalduta, proiektu honetan ikasleek koordinazioa lantzeko ariketak (malabareak, kariokak eta diaboloa), oreka lantzeko ariketak (hankapaloak, monozikloa, slack-line-a eta oreka taula) eta punteria jolasak diseinatzen dituzte. Proposamen didaktikoaren amaieran, gazteagoak diren ikasleei “Ferixa” formatuan aurkezten diete landutakoa (trebetasun motor bakoitzeko txoko bana dinamizatuta), ikasle nagusienek gazteei erakutsiz eta hauek modu askean jolastuz. Deskribatutako hau da begi bistaz kanpotik ikus daitekeena. Aldiz, Gorputz Hezkuntza paradigma hezitzaile/parte hartzailean kokatuz gero eta ikasleak ikas-irakaskuntza prozesuaren erdigunean jarriz gero, askoz haratago doa gertatzen dena.

Guzti honen atzean dagoena da interesgarriena. Didaktikako metodologiari dagokionez, Contreras eta Gilek (2010) aipatu bezala, “Autonomia bultzatzen duten metodologiak” erabili dira koordinazio eta oreka jarduerak lantzeko. Bi dira nagusiki; alde batetik “autoikaskuntza” eta beste aldetik “berdinkideen arteko ikaskuntza”. Autoikaskuntzari erreferentzia eginaz, trebetasun motor bakoitza ikasteko zailtasunez igotzen doan progresio bat jarraitu behar dute ikasleek, modu autonomoan. Berdinkideen arteko ikaskuntzan aldiz, “trebeagoak” diren ikasleek “aditu rola” hartzen dute eta irakasle bezala jarduten dute, bere ikaskideei irakatsiz. Ondorioz, ikasleak autonomiaz lan egiten ikasten dute, “ikasten ikasi” konpetentziarekin lotura eginaz.

Bestalde, punteria jolasak diseinatzeko orduan, beste irakaskuntza metodologia bat erabiltzen da. Material berrerabilgarriarekin punteria jolasak sortzen dituzte ikasleek, beti ere autoeraikuntzan oinarriturik. Méndez-Gimenezek (2020) ikertu bezala, norberak sortutako jolasek sormena garatzeko balio dute eta materiala hobeto zaintzen ikasten da.
Ikas-irakaskuntza prozesuaren ebaluazioari dagokionean, López Pastorrek (2020) garatutako ebaluazio formatiboa, partekatua eta benetakoa erabiltzen da. Ebaluazioa formatiboa da, emaitza baino gehiago prozesua ebaluatzen delako. Horretarako ikasleek autoebaluazio eta koebaluazioak erabiltzen dituzte ikasteko. Ebaluazioa partekatua da, ikasleak eta irakasleak elkarrizketa bidez aztertzen dutelako izandako bilakaera. Azkenik, ebaluazioa benetakoa da, proposamen didaktikoaren hasieratik helburuak argi daudelako eta bizitza errealerako transferigarria delako.
Azkenik, ikasleen aniztasunaren trataerari ere egiten zaio erreferentzia proiektu honetan. Alde batetik aniztasun funtzionala duten ikasleei eta beste aldetik aniztasun kulturala duten ikasleei. Aniztasun funtzionala duten ikasleentzako, Huget Morak (2010) dioen bezala, jarduerak ahalik eta inklusiboenak aukeratzen dira eta beharrei egokitutako moldaketak egiten dira arrakasta maila hobetzeko asmoz. Adibidez, punteria jolasetan objektua gertuagotik botatzen da dianan errazago asmatzeko asmoz, oreka jolasetan laguntzak eskaintzen dira… Beste aldetik, aniztasun kulturalari erantzuteko, Carter Thuillier, eta Gallardo Fuentesek (2021) aztertu bezala, punteria jolasak diseinatzerako orduan norberak bere kulturako joko-jolas tradizional bat aurkezteko aukera du, norbere kultura ezagutarazteko eta integratzeko asmoz. Honez gain, kultura guztietako ikasle guztiak sozializatzeko guneak sortzen dira, kultura ezberdinen arteko harremanak sendotuz.
Proiektu hau, Arizmendi Ikastolan frogatu zen bezala, diziplinarteko proiektu bat ere bihurtu daiteke. Esperientzia hartan Teknologia eta Plastikako arloen parte hartzea ere izan zen eta teknologiako orduetan hankapaloak sortu zituzten. Plastikan aldiz, ferixa egunerako “txoko” bakoitzaren kartelak diseinatu zituzten.

Amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi 2023ko urtarril honetan bertan HUHEZIko Gorputz Hezkuntzako aipamena ikasten ari diren ikasleek Luis Ezeiza ikastetxeko 6-12 urteko ikasle guztientzako “Ferixia” antolatu dutela eta bai ikasle, bai irakasleen aldetik oso positiboki baloratu dela. Modu honetan, horrelako ekintzek erakundeen arteko elkarlanerako aukerak ere eskaintzen dituztela frogatzen da.
Laburbilduz, esan daiteke Gorputz Hezkuntzan horrelako proiektu bat aurrera eramaterakoan, begi bistaz ikusten dugunaz gain, atzean dagoen guztia ere barnebiltzen duela. Modu honetan, pertsonaren garapena aspektu sozial, fisiko, emozional eta kognitiboan ematen da, beti ere ikuspegi hezitzaile batetik.
___________________________________________
Athloneko Formakuntza Arautua