
Azken hamarkadetan ikusi daitekeen bezala munduko biztanleria zahartzen ari da (piramide demografikoak ikustea besterik ez dugu behar), bizi itxaropena ere gora doan heinean. Urteak pasa ahala, normala den bezala, gure gaitasunak (fisikoak eta psikikoak) murrizten doaz. Baina noiz hasten da benetan beherakada fisiko handiena? Zerbait egin dezakegu guk profesional bezala beherakada hori murrizteko?.
Gai fisikoetan zentratuz, pertsona guztiak ez dira era berdinean zahartzen, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak ere badaude. Aipatu beharrekoa da emakumeen kasuan osteoporosia, menopausiari lotuta dagoen gaitza dela eta biztanlerian oso hedatuta dagoena. Sistema muskularrari dagokionez, 50-60 urteen bitarteko hamarkadan gertatzen da beherakadarik nabarmenena, beherakada honek atrofia muskularra eta indarrean murrizketa bat helarazten du pertsonen bizi kalitatea murrituz.
Arnas aparatuan eta sistema kardiobaskularrean ere aldaketak gertatzen dira, hala nola, albeoloek duten azalera %15 ean murrizten da, arnasketan erabiltzen diren giharrek indarra galtzen dute, bihotz taupada maximoen maiztasuna gutxitzen da eta odol hesteen presioak gora egiten du.
Gezurra dirudien harren, kirolaren bidez aurretik aipatutako gauza guztiak murriztu eta hobetu ditzakegu. Osteoporosiaren eta atrofia muskularraren aurrean indar ariketak ezinbestekoak dira. Indar ariketak egiteko modu asko daude, gomak erabiliz, norberaren gorputzaren pisua erabiliz edota nola ez, gorputzaz kanpoko pisuak erabiliz. Gertatzen dena zera da: gizartean askotan gaizki ikusia dagoela pertsona helduak pisuekin entrenatzen ikustea eta ondorioz horrelakoak entzuten dira askotan, “nola jarriko duzu pertsona heldu bat gimnasioan pesak egiten, bere adineko pertsonek egin behar dutena paseatzea da”. Zein pentsamendu okerra den hori, indarrezko entrenamendua nahitaezkoa da edozein pertsonarentzat, hori bai beti profesional baten gidaritzapean eta funtzionalitatea eta bizi kalitatea hobetu nahian.
Honek ez du esan nahi paseatzea txarra denik, ezta inondik ere, noski paseatzea oso gomendagarria dela bizikletan ibiltzea edota igerian ibiltzea bezalaxe. Ariketa aerobikoak gure arnas aparatua eta sistema kardiobaskularra sasoian mantentzen laguntzen digulako.
Beraz, bai indarrean zein erresistentzian oinarritutako ariketak burutu behar dira. Bien arteko ekilibrioa bilatzean dago giltza. Profesional bezala hau lortzeko kapazak izango bagina edozein pertsonari zahartzaro aktibo eta osasuntsu bat aurrera eramaten laguntzeko prest egongo ginateke.
Ondorioz, profesional ezberdinen lana zein den galdetzen badigute, nik behintzat argi daukat, atzean utzi behar ditugu gizartearen iritziak (askotan hauengatik baldintzatuta egiten dugulako lan) , bakoitzak bere gaitasunak erabili beharko lituzke edozein pertsona laguntzeko eta nola ez, aurretik komentatu bezala, beldurrik ez izan indar ariketak pisuekin praktikan jartzeko garaian onura besterik ez digutelako ekartzen zentzuz aurrera eramaten badira noski.
___________________________________________________
Gorka Imaz.
Fisioterapeuta eta kirol zientzietan lizentziatua.