LANAREN ETORKIZUNA OSASUNAREN ESPARRUAN

Garai apartak bizi ditugu gure inguruan. Ez nabil koronabirus ditxosoaz hitzegiten, ezta Ukraniako inbasioaz ere, azken urteotan geratutako eraldaketa digitalari buruz baizik. Teknologia eramangarri mugikor digitalak gure bizitzako ia alderdi guztietan txertatu ditugu abiadura bizian, eta jabetu garenerako, ez da harritzekoa gure buruari hurrengo galdera egitea: Mundu digitalak gizakiak zaharkituko gaitu lan esparruan? Industria askotan hau errealitate bat da dagoeneko: banku-transakzioak, janari-dendetako eta biltegietako kutxazainak, online erosketak, e.a. Teknologia hauek eboluzionatzen eta giza baliabideen arloan aurrera egiten jarraitzen duten heinean, hausnartu egin beharko dugu Giza Baliabideei hasierako G-a kendu beharko ote diegun etorkizun hurbilean.
Sarritan pentsatu izan dut, gure Bizkar Kliniketan (eta beharbada Athlonen eskaintzen ditugun beste hainbatetan) ematen dugun zerbitzuaren zati handi bat automatizatu egin daitekeela. Ideia arraro xamarra dirudien arren, seguru nago gaur egungo teknologiek posible egingo luketela %99an automatizatutako klinika bat abiaraztea. Imajina ezazue Roomba moduko robot sanitario bat bezeroei ongietorria ematen, bere pantaila mugikorrean luzaketa eta ariketak proposatzen, edo paziente baten galderei erantzun posibleak ematen: “Ez Joxefa, ez, errotula ez daukazu sorbaldaren atzekaldean”. Alexa-k gaur egun zure etxeko bozgorailuen soinua igotzen badu, zergatik ez ditu ba gure kliniketan makinak piztuko goizean goiz?
Zein eroso egongo nintzake etxeko sofan botata, pinganillo bat belarrian sartuta nire avatar digitalak klinika kontrolpean duen bitartean. “Molestar solo en caso de incendio o fallecimiento” ikonoan sakatu eta siesta itzela botako nuke egunero.
Bromak aparte, gizakia vs makinaren paradoxa klasikoaren kapitulu berri baten aurrean gaudela argi eduki behar dugula uste dut. Askok esango didazue Joxefak mediku edo fisioterapeuta batekin erlazionatu nahi duela eta ez artefaktu teknologiko batekin, eta arrazoia daukazue (momentuz).
Hala ere, etorkizunean denon artean marko bat definitzera iritsi beharko gara Tech and Touch-en arteko erlazioa zein den eta zein izango den jakiteko.
Eta orain, bukatzeko bai: ¡EUTSI UKRANIA! eta ¡FUCK CORONAVIRUS!
___________________________________
Asier Viteri Davila