Aste honetan irakurritako azken artikulu zientifikoak honakoa zioen: irudi froga batek %400 areagotzen du beharrezkoa ez den kirurgia bat egiteko arriskua.
Esaldi hori irakurtzean, fisioterapeutok kontsultara paziente berri bat datorrenean hainbestetan bizi dugun egoera etorri zait burura. Pazienteak bere burua aurkeztu aurretik, berezko izena duen mediku espezialistak, hainbeste dei eta itxaronaldiren ostean, eman dion irudi frogaren txostena luzatzen dizu.
Irudi froga batek, erradiografia zein erresonantzia magnetikoak, gorputzeko egituren eta ehunen ( hezurra, muskulua, nerbioa zein erraiak) egoera fisikoaren berri ematen du soilik. Baina ezin dugu ahaztu, aurrean daukagun pertsonak mina zein beste estimulu askoren pertzepzioa jaso eta interpretatzeko gai den nerbio sistema konplexua daukala. Irudi batek ez du minaren intentsitatea, kokapena eta motaren inguruko informaziorik emango, ezta pertsona horrek sentitzen dituen emozioen, bere hezkuntza eta ulergarritasun mailaren berri emango.
Oro har, irudi frogetan azaltzen diren aztarnak, gorputzak adin konkretu batetik aurrera jasaten dituen aldaketa fisiologikoak dira, hau da, berezkoak eta naturalak.
Ehunaren kalte edo lesioa handia izateak ez du esan nahi mina handiagoa izango denik. Kaltea eta mina bereizi behar dira, erdaraz daño no es lo mismo que dolor (Arturo Goicoechea). Mina, gure garunak egiten duen interpretazio bat da. Hau da, ehunak kalte edo lesio bat izan dezake eta ez dugu zertan mina sentitu edo alderantziz, ehunetan inongo kalterik izan gabe garunak minaren interpretazioa egin dezake. Aurrez izendatutako Goicoechea neurologoak dioen bezala, gorputzak ez ditu bihozkadak, garunkadak baizik.
Fisioterapeutok, beste profesional askok bezala, tresna ezberdinak dauzkagu diagnostiko funtzional bat egiteko. Arrazonamendu klinikoa burutu behar dugu, anamnesi edo galdeketa sakonaz, azterketa funtzionalaz eta haztapenaz Ez dugu gure hipotesia irudi froga bakar batean oinarritu behar, aurrean daukagun pertsona entzun behar dugu, ezagutu.
Tratamenduaren lehen pausua, hor hasten da.