Guztiok gogoratzen dugu Batxilergoko etapan izandako ikasketa erritmo frenetiko, gustoko ikasketak egiteko nota lortzeko presioa, selektibitatearen amets gaiztoa… Honi, nerabezaroaren aldaketa fisiologikoak eta gaur egun gizarte mailan bizi dugun egoerari gehitzen badizkiogu, ikasleak oso sensible dauden egoera baten aurrean lan egitera eramaten gaitu.
Eta osagai horiekin, nola eraiki dezakegu Gorpuntz Hezkuntza esanguratsu bat?
Athloneko Arizmendi taldean bi dira gure zutabe nagusiak: ikasleak beraien ikasketa prozesuko protagonista izan behar direla eta pertsona aktibo eta osasuntsuak hezitu nahi ditugula.
Helburua lortzeko, hiru ikaskuntza esperientzia erabiltzen ditugu. Alde batetik, asteroko Gorputz Hezkuntza saioak ditugu, non ikasleei protagonismo guztia ematen diegun, irakasleak beraien bidelagun bihurtzen garelarik. Horrela, beraien interesetatik abiatuz, norberarentzako zein ikaskideentzako saioak antolatu eta aurrera eraman behar dituzte. Modu honetan, aisialdi aukera ezberdinak ezagutzen dituzte eta aldi berean, etorkizuneko hezitzaile edo monitore izateko trebatzen dira.
Bestetik, hiruhilabetean behin 3 astez aurrera eramaten diren PROIektuetan parte hartzen dugu, Kulturartekotasuna, Afrika eta Personal Trainer deiturikoetan hain zuzen ere. Ikaskuntza esperientzia honi esker, arlo motorra baliatuz ikasleen gaitasun kritikoan eragin dezakegu. Gainera, sortzaile bihurtzen dira eta ikasle askok gure jakintza esparrua aukeratzen dute sorkuntza eta ideia ezberdinak plazaratzeko.
Oporrak ere aprobetxatzen ditugu, ikasleak aktibo mantendu eta lagunartean zein familian gozatu dezaten. Horretarako, Txirloen Erronka egitera animatzen ditugu. Jolas proposamen honekin ikasleak txirloak lortzen dituzte taldean gustuko dituzten ekintzak eginaz (mendira joan, dantzatu, paseatu, bizikletan ibili, bakarkako zein taldekako kirolak egin…). Horrez gain, herrietan antolatzen diren ekintza berezietan (herri lasterketa herrikoiak, plazetako euskal dantzak…) parte hartuz, txirlo gehigarriak lortzen dituzte. Beraz, opor garaian aktibo mantentzeaz gain, herriko ekimenetan ere eragile eta protagonista bilakatzen dira gure ikasleak.
Guzti hau Batxilergoko lehenengo mailan eramaten dugu aurrera. Bigarren mailan ordea, gure arloak ez du presentziarik. Dena den, ikastolako azken urte horretan dauden ikasle ugarik, Gorputz Hezkuntza benetan faltan nola botatzen duten aditzera ematen digute. Hori da guretzako feedback– ik onena eta gure arloa bide egokitik bideratzen ari garela berresten digu.
Arizmendi ikastolako Almen guneko Heziketa Fisikoko irakasle taldea.