Mendian eta horman gora egitea errazagoa omen da jaistea baino. Baliteke izatea lan kontzentriko eta exzentrikoaren ezberdintasunagatik; baliteke izatea goranzkoan helmuga gozagarriago suertatzen zaigulako beheranzkoan baino; baliteke, baliteke.
Oraingo, baina, tokatu zaigu deseskalada: beheranzkoa. Itzuli gara lehen egiten genituen outdoor jarduerak egitera –hein batean, behintzat–, eta eman ditugu Athlon kooperatiban horretarako baliabideak: eman ditugu, Youtubeko Athlonen kanalean etxean geldi ez egoteko gomendio eta ariketak proposatzen jarraitzearekin batera, berriz kalera ateratzeko gomendio osasungarriak: bolumen eta intentsitateak zaindu ondo lehen egunetan, hidratazioaz gogoratu –egun beroetan, bereziki–, gorputzari entzun, arropa egokiak jantzi eta abar.
Proposamen horiek guztiak egiteko lanaz gain, hainbat eta hainbat izan dira gure organizazioan, zuek guztiok gogoan hartuta, egin ditugun hausnarketak. Eta ez gara orain gezurretan hasiko: deseskaladaren faseak ikusita, ez dakigu noiz eta zelan izango dugun aukera berriz gure kiroldegietan elkar ikusi eta ondo pasatzeko. Lege dekretuek hobeto finkatuko dituzte aipatu faseak –laster izateko esperantzagaz–, eta orduan izango gara gai prozedura zehatzak eta kiroldegietako martxaren nolakotasunak komunikatzeko.
Martxa horretan, ez egin zalantzarik, gure lehen desioa da, lehen zen moduan, ariketa fisikoa eginez ondo pasatzea eta ohitura osasungarriak sustatzea; hori dugu jomugan hurrengo aldirako, baita ere. Eta definizio horretan dautza zuei, gure bezerooi, arduratzen zaituzteten kontuek: distantzia fisikoa, garbitasuna, lankideen jarrera egokiera eta abar.
Horrenbestez, eta zuentzat lanean jarraitzen dugula berretsiz, segi ezazue gure edukiarekin gozatzen –aipatu kanalean– eta laster arte.
Animo guztioi. Zaindu.
____________________________________________________________________________________________________________________________
Iñigo Murgiondo Aguirre