HAINBAT GAKO

Artikulu honetan saiatuko gara gorputz hezkuntza arloak hezkuntza berrikuntza prozesu batean hartu dezakeen xedea ezaugarritzen. Horretarako, hainbat gakori buruzko gogoeta sustatzea izango dugu helburu.
Gizartean somatzen, ikusten eta pairatzen ari garen aldaketa guztiei erreparatuz gero, hala nola, migrazio fenomeno berriak, kulturartekotasuna, emergentzia klimatikoa, baliabide naturalen agortzea, hiperkonektibitatea, iraultza teknologiko radikalak, pentsamendu materialistaren nagusitasuna, pribatutasunaren haustura, kontrola… aldaketa garai bat baino garai aldaketa batean murgilduta gaudela esaten da.
Gauzak horrela, formakuntzan dihardugunon hausnarketa galdera argia litzateke: zer egin behar du eskolak gizarte horretan bizi diren ikasle eta biziko diren biztanleen beharrei ahalik eta modu esanguratsu eta eraginkorrenean erantzuteko?
Gizartea eta eskola txanpon bereko bi alderdi izanik, BERRIKUNTZA hitza eta BERRIKUNTZA jarrera datorkigu burura. Francisco Imbernónek hezkuntza berrikuntza definitzen du “taldean, modu kolektiboan egiten diren proposamen, ekarpen eta ideia berrien arakatze prozesu eta jarrera gisa, non praktikan antzematen diren arazoei aurre egiteko testuinguruetan eta hezkuntza praktika instituzionalean, aldaketak ekarriko dituen”; hau da, berrikuntza bera ez da helburua, bitartekoa baizik; hezkuntza berrikuntza prozesuen helburu nagusia IKASLE GUZTIEK HOBETO ETA GEHIAGO IKASTEA izango litzateke.
Berrikuntzaz jakin badakigu alderdi anitzekoa dela, hala nola, irakaslearen aurrezagutzak eta sinismenak aldatzea, irakasle-ikasle rolak aldatzea, irakaslearen egiteko moduak aldatzea, espazioak eta antolaketa aldatzea suposatzen duela… badakigu hau ez dela erraza, baina berrikuntza gauzatu eta mantendu dadin, ezinbestekoa da.
Berrikuntzaz jakin badakigu zuzendaritzatik sustatu daitekeela edo irakasle talde batek tira dezakeela eta gehienetan biak lerrokatuta joan beharko direla berrikuntza prozesua abiatu eta batez ere egiten diren aldaketak denboran iraunkorrak izan daitezen. Badakigu baita hortarako zein garrantzitsuak diren ikaste komunitateak eta sareak, gainera berrikuntzak dio irakasle-gai-talde-gela-ordu eredua desagertuko dela, irakasle taldea, kotutoretza eta komunitatearen alde. Gauzak horrela, badakigu berrikuntza prozesua eskolan eta eskolatik abiatu behar dela, hezkuntza sistema osoaren aldaketa noiz etorriko, zain egon gabe.
Hezkuntza berrikuntza prozesuko alderdirik garrantzitsuena berrikuntza zergatik eta zertarako egiten dugun jakitea da; zergatik abiatu berrikuntza prozesu bat, zein da prozesu horren iparra, nora joan nahi dugun… Berrikuntza beraz, helburuetatik hasten da, justifikatzen duten asmoetatik, eta horri zentzua emango dion curriculum eta ebaluazio batetik.
Bizi garen gizarte aldakor, ziurgabe, konplexu eta zalantzakor honetan bizitzeko, zer jakin behar dute ikasleek? are gehiago, Yuval Noah Harari historialari eta pentsalari israeldarrak bere azken liburuan “21 lezio XXI. menderako“ UTRU (Unprecedented Transformation and Radical Uncertainties) akronimoa erabiltzen du, aurrekaririk gabeko eraldaketa eta radikalki ziurgabea den gizarte bat ezaugarritzeko. Ez dezagun ahaztu etorkizuna ez dela etorri behar dena, orain gertatzen ari dena baizik eta noski bertatik ikasi beharrean gaudela.
Goazen beraz arreta gunea hortan jartzera; nola jaso behar dute ikasleek benetako ikaskuntza, ikaskuntza autentikoa, ikaskuntza sakona? zein ikaskuntza egingo zaizkie baliogarri? bizitzarako prestatzen ditugu gure ikasleak? zein ikasle/pertsona eredu beharko dugu? Hor dago gakoa.
- GAKOA: PERTSONA EREDUA: Pertsona Osasuntsua
Gure ustez eskolak PERTSONA OSASUNTSUAK lortu behar ditu; eskolak ikasleari gizarte ziurgabe aldakor eta konplexu horretan ahalik eta erosoen bizitzeko, norbere gorputz eta buruaren zaintza egiteko erramintak eman behar dizkio. Pertsona osasuntsu gisa ulertuko dugu, bere ongizate fisiko, mental eta soziala duena eta funtzionatzeko gaitasunaren lorpen maila gorena eta gaixotasun maila txikiena izango duena.
Ikasle osasuntsua garatzeko (gaur egun eta etorkizunean) eskolak, komunitatearekin batera, testuinguru ezberdinak sortu beharko ditu, hezkuntza formala eta ez formala uztartuz; eskolako curriculumak guzti honi berariaz erreparatuko dio, ikasleak bizitza osasuntsu bat eramanez, etorkizunari begira osasuna garatzeko estrategiak eskuratuz, gorputza, burua eta ingurua zainduz, jarduera fisikoa egiteko ohitura hartuz, kultura motriza eskuratuz, emozio hezkuntzaz jabetuz, adiskidetasunaz gogoeta eginez, naturaren kontzientzia hartuz… ongizate fisiko, mental eta soziala garatzeaz ari gara alegia.
Eskoletako curriculum eta ebaluazioaren definizioan ikasleen irteera profiletako bat OSASUNTSUA ezaugarria izango da, definizio honek duen konplexutasun guztiarekin, osasuntsua kontzeptua ere alderdi anitzekoa baita, erreferentzia egiten dio alderdi fisiko, mental eta sozialari, ez da zerbait estatikoa, behin lortu eta betirako daukazuna baizik eta osasuna dinamikoa da, gaixotasuna eta ongizatearen artean mugitzen eta uztartzen delako. Konplexua da pertsonok beste aukera askoren artean izan dezakegulako gaixotasun edo disgaitasun maila altua, eta gainera osasuna, norbere bizilekuaren baldintza historiko, sozial, kultural eta ingurugirokoen menpe dago.
Ikasleak ikasi beharko du fisikoki norbera zaintzearen ardura izaten, bizitza guztirako gorputz bakar bat dugunaren kontzientzia izaten eta bera zaintzeko ardura nagusia norberarena dela jabetzen eta horretarako ikasi beharko du bizitzarako ohitura osasuntsuak eskuratzen. Gorputzaren ongizatean eta gorputzaren funtzionamendu egokian datza, pertsonaren alderdi fisikoaz ari gara.
Hau ezingo du lortu mentalki norbera zaintzearen kontzientzia hartu gabe eta ikasleak jakin beharko du oreka bat egon behar dela pertsona eta bere ingurune kulturalaren artean eta bere baitan daudela ongizate emozionala eta psikikoa eta horrek estres egoeretan pertsona batek nola pentsatu, sentitu, jokatu eta erantzuteko moduan eragin zuzena duela, pertsonaren alderdi mentalaz ari gara.
Bestetik, ikasleak inguruneak dakarren erronka eta aldaketetara egokitzeko eta autokudeatzeko gaitasuna lortu beharko luke eta beste pertsonekin harreman egokiak eta aberatsak izateko gaitasuna garatu. Pertsonaren alderdi sozialaz ari gara.
Eskolak beraz, pertsona osasuntsua ezaugarri pertsonala garatzea nahi badu, testuinguru ezberdinak sortuko ditu hezkuntza formala eta ez formala kontuan izanik (GH arloko bi orduak gaindituz) eta ikasle, eskola eta komunitatearen erantzunkizunean azpimarra jarriz, hau da, ikasleari testuinguru, momentu eta espazio ezberdinak eskaini beharko dizkio, irakasle bat –talde bat- gela bat – arlo bat- ordu bat eredua gaindituz.
- GAKOA : IKASLE –IRAKASLE ROLEN ALDAKETA
Hezkuntza berrikuntzak ezagutzak igortzen zituen irakasle orojalea desagertarazi eta irakasle bidelaguna azaleratu du, ikaslea hezkuntzaren erdigunean jarriz.
Ikaslea, ezagupen ezberdinen hartzaile hutsa izatetik, bakarkako zein taldeko proiektu eta ikerketa ezberdinetan murgiltzera pasako da, teknologia berriak erabiliko ditu baliabide pedagogiko gisa, norbere curriculum propioa osatzeko aukeraketan murgildu eta ebidentzietan oinarritutako ebaluazioan kokatuko da ; hau horrela gerta dadin irakasleak bere egiteko moduak aldatu behar ditu aipatutako guztia benetan gauzatu dadin. Horretarako irakaslea, talde lana zuzentzen eta ikasleari behar dituen euskarriak eskaintzen arituko da ikasle bakoitza ezagutu eta iradokitu asmoz, ikasleen abilezia, gaitasun eta zaletasunak garatuz eta taldea aberastuz.
Pertsona osasuntsuak lortzeko, ikasleak rol aktiboa erakutsi beharko du bere osasunaren zaintzan, eguneko, asteko, hilabeteko eta ikasturteko ikuspegi batetik abiatuta, hezkuntza formala eta ez fomala uztartuz OMEk (Osasunaren Mundu Erakundea) jarduera fisikoa egiteko maiztasun, denbora eta intentsitatearen gomendioetara iristeko, bizi ohitura osasuntsuak ezagutu, gauzatu eta garatuz.
Ikasturte ezberdinetan zehar ikaslea jarduera fisiko ezberdinetara gerturatuko da, bere zaletasunak aurkituko ditu, teknologia berrien laguntza izango du, ohitura osasuntsuen jakintza eskuratuko du, eta horretako norbera, eskola eta komunitatea bidelagun izango ditu.
Eskolak (irakasleak, familiak) eta komunitateak (elkartegintza, udaleko kirol zein kultur zerbitzuak…) testuinguruak eta erraztasunak eskainiko dizkio ikasleari pertsona osasuntsuan bilakatu dadin (goizeko aktibazioa, patio hezitzaileak eta aktiboak, bizi ohitura osasuntsuen tailerrak, mugimendua ahalbideratzen duten metodologiak, udalekuak, bakarka, gelaka zein familian burutzeko erronkak, eskola kirola…).
Esparru hau definitzeko, sortzeko eta ebaluatzeko irakasle profil berri bat antzeman dezakegu tutorea bera izan daitekeena edo tutorearekin batera ikasleen ongizate fisiko, mental eta soziala bermatzeko ardura izango duen osasun irakaslea. Irakasle honek ikasleen OSASUNTSUA ezaugarri pertsonalaren jarraipena egingo luke, derrigorrezko eskola ibilbidean zehar eta hau amaitzean, ikasleek ohitura osasuntsuak eskuratuak izan ditzaten.
Bestetik eskolak ezin izango du irakasleen osasunaren zaintza ahaztu eta eskolako irakasle zein langileei testuinguruak (espazioak, formazioa, tailerrak… ) eskaini beharko lizkioke, bakarka, irakasle taldeetan zein ikasleekin batera jarduera anitzak egiteko.
- GAKOA: ARKITEKTURA ETA ESKOLAREN DISEINUA
Hezkuntza berrikuntzan sartuta dauden ikastetxeak arkitekturaren eraldaketan murgiltzen ari dira, eredu pedagogiko berriek, ikas irakas prozesu berriak eskatzen dituztelako, hau da, ikasle eta irakasleak harremantzeko moduak aldatu dira, irakasteko modu berriak daudelako, horregatik guzti honek, eskolako diseinu, arkitektura eta altzariak aldatzea eskatzen du, argi izanda noski, arkitektura beti pedagogiaren menpe egon behar dela.
Espazio berriek baimendu behar dute alde batetik, irakasle eta ikasleen arteko elkarekintza egotea asanblada edo debate gisara, bestetik baimendu behar dute ikasleen arteko harremana sustatzea, proiektuen lanketak eta beraien arteko elkarrizketa izateko eta azkenik baimendu behar dute ikaslea norbere buruarekin egoten, pentsatzeko, gogoeta egiteko, lanak antolatzeko.
Pertsona osasuntsuaren begiradan sartuz, galdetu beharko ginateke ea barne espazio horiek mugimendua sustatzen duten, goxo sentitzera edo motibazioa pizteko eragina duten, kanpo espazioen diseinuak zein eredu pedagogikori erantzuten dion, bai barne zein kanpo espazioek ikasle guztien beharrak asetzen dituzten, jarduera fisiko ezberdinak burutzeko espazio anitzak dauden, naturaren balio pedagogikoaren begirada dagoen, eskola komunitatera irekia dagoen eta eskolako espazioak patiotik haratago doazen …
Barne espazioak berritzen ari diren honetan kanpo espazioen txanda dela aldarrikatuko genuke patioak ere heziketa gune direlako, berariaz esku-hartze pedagogikoak egiten badira behintzat; guk argi dugu hezkuntza ez formala, hezkuntza dela eta eskolakoa dela.
Kanpo espazio berriak behar dira, polibalenteak, malguak, atseginak, erosoak, seguruak, genero ikuspegia bermatzen dutenak, eskolakoak, komunitatekoak, herrikoak, mankomunitate mailakoak….
Aipatu bezala eskoletako barne zein kanpo espazioetaz gain hezkuntza berrikuntzak eskatzen du komunitatera (elkartegintza, udal zerbitzu, mankomunitatea, lurralde, enpresa …) eta ingurunera (kalea, plaza, natura …) gehiago irekitzea; espazio horien apropiazioa eginez teknifikazioa- naturarekin orekatuko da, hiperkonektibitatea- barnekotasunarekin, humanitatea- zientziarekin.
Amaitzeko beste hainbat gakori erreparatu baldin badiogu ere, koordinazioa eta antolaketa kasu, beste tarte baterako utziko dugu.Gauzak horrela argi daukagu, konpetentzia motorra, hezkuntza berrikuntzaren aliatu bilakatuko dela, ikasleak hobeto eta gehiago ikas dezaten, bizi garen eta etorriko den gizarte ziurgabe eta konplexu horretara, egokitu gaitezen.
Izaskun Uribesalgo