COVID-19aren presentziak, gure bizitzako alderdi guztietan eragin duela esan genezake eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren arloa ere ez da aparte geratu. Bestela, gogoratu martxotik aurrera Jarduera Fisikoaren munduak jaso zuen “makilkada”; denok gure etxeetako lau pareten artean aktibo mantentzeko balibideak eskaini edo lortu nahian aritu baiginen zoroen pare.
Dagoeneko somatu genuen herrialdearen arabera Jarduera Fisiko eta Kirolari dagokion neurri ezberdinak etor zitezkeela eta gure kasuan, neurririk gogorrenak pairatzea egokitu zitzaigun; agian gure herrialdean, biztanleriarenganako konfiantza gutxi dagoela argudiatuz murriztu ziguten horrenbeste Jarduera Fisikoa eta Kirolaren mundua, denon onerako dela justifikatuz?
Lehen olatu famatua pasata, gure jarduera, entrenamendu edo kirol errutinak berriz ere kalean burutzea ahalbideratu ziguten eta bazirudien, indarrean egondako debekua, akats benetan larria izan zela eta berriz ere ez genuela horrelako murrizketarik jasan beharko gure arloan. Are gehiago, esan genezake murrizketa honek gizartean, jarduera fisiko eta kirolak eta berau erregulartasunez praktikatzeak dakartzan onurek, garrantzia hartzea eragin dutela. Nolabait esanda, “propaganda” egin diola gure sektoreari.
Bigarren, hirugarren edo oraindik lehenengo olatu honetan (nork daki benetan hau?), berriz ere murrizketak iritsi zaizkigu, eta oraingoan, banaka edo salbuetsitako kasu batzuetan talde txikietan jarduera fisikoa burutzeko aukera izan arren, azaroaren 6ko Lehendariaren SARS-CoV-2aren kudeaketarako dekretuak, eskola adineko kirol guztia debekatu du (6-16 urte). Modu horretan, eskola umeen osasunerako eta jolaserako eskubideak bertan behera utzi dira eta ez du beste alternatibarik eskaini. Oraingoan ere haurrak kaltetuenak?
Erabaki honen aurrean zalantzak sortzen zaizkigu. Irailetik aurrera, eskola kirola martxan jartzeko egin den saiakeraren ostean, guztia ikastetxeetako kontingentzia plan eta instalakuntzen protokoloaren arabera antolatzea lortu genuen, bidean borroka dexente eginda gainera. Orduan, aisialdi osasuntsu eta antolatuaren beharraz, jarduera fisikoak inmunologi-sisteman duen eragin positiboaz, eskola adineko neska-mutilak beste ohitura ez-osasuntsu batzuetara aldentzea ekiditeaz, … arrazoi genituen mahai gainean. Non geratu dira horiek orain?? Udazkeneko haizeak eraman al ditu?
Eskola Kiroleko koordinatzaile askoren ustez, Munduko Osasun Erakundeak ezarritako gutxieneko bizitza aktiborako, ikasle bakoitzaren berariazko ezaugarriei egokitutako kirol praktika irisgarri, ekitatibo eta parekidea eskaini daiteke, hala baimenduko balitz. Frogatuta geratu da egoera kontrolatu eta antolatuetan, eskola-umeek gutxiago gaixotu eta gutxiago transmititzen duten giza-taldea dela. Kataluniak adibidez, eskolaz kanpoko ekintza denak debekatu ditu, ikastetxe bizikidetza taldeetan gauzatzen direnak ezik. Gurean zergatik ez?
Guk ere posible ikusten dugu ikastetxeko elkarbizitza taldeetan antolatu daitekeen eskola kirol eskaintza (Hezkuntza Sailak ezartzen duen neurria, eskola ordu lektiboak osasun baldintza egokietan ematen direla bermatzeko), baita pandemiaren egoera ezberdinetan, ikastetxeak zabalik mantentzeko irizpidea indarrean dagoen kasuetan ere. Uste dugu, beharrezko diren osasun neurriak eta eskola-umeen eskubideak elkar uztartzen zituen antolaketa bat egituratuta genuela (eta prest dugula): ikastetxeko bizikidetza (burbuila) taldeetan antolaturiko eskola-kirola, heziketa fisikoko saioetan erabiltzen diren instalazio zein protokoloa erabilita.
Eskolaz kanpoko beste ekintza batzuk martxan jarraitzen duten bitartean, eskola kirolak neurri zorrotzagoak izan arren saioak bertan behera utzi behar? Amai dezagun bidegabea den egoera honekin, eta Nazio Batuen Kartan jasotako umeen jolas eta olgeta eskubidea bermatu dezagun, beti ere, SARS-CoV2aren kontra beharrezkoak diren neurriak bermatuz.
Teorian, eskola kirolaren garrantzia ez da zalantzan jartzen!! Noizko garrantzia hau praktikan ere isladatuta ikustea? Gure neska-mutilek eskola kirol osasuntsu bat izatea pribilegio edo eskubide bat al da?
Oinatz Agirre
Leintz Eskola Kiroleko koordinatzailea