Urteko hirugarren hilabetean etorri zitzaigun zerbitzuen itxiera luze joan da, baina iritsi zaigu, apurka-apurka, gure lankide diren udalekin batera, berauek irekitzeko unea.
Tokian-tokiko neurriak hartzen direnez, instalazioen irekiera bera ere tankerako izaten ari da: Aretxabaletan zabaldu genuen Ibarra kiroldegia, ekainaren 8an, eta Elorrion zabalduko dugu Elizaldeko igerilekua eta baita kiroldegikoa ere datorren astelehenean, hilaren 22an. Beste herrietako kiroldegien irekierak uztailerako ditugu aurreikusita.
Lehenengoak aintzat hartuta, esan barik doa biek ala biek dituztela hainbat murrizketa erabilerari dagokionez; izan ere, jakina da Covid19aren ondorioz ariketa fisikoa egiteko, baita ere, hainbat neurri hartu behar ditugula. Besteak beste, 1,5 metroko pertsonen arteko distantzia, eskuak maiz garbitu beharra edo instalazioen erabilera mugaturako baldintzak.
Neurriak neurri, hala ere, Athlon kudeaketako lankideok –eta baita Sintagmiakoek ere– gonbidatzen zaituztegu kudeatzen ditugun instalazioetara gerturatzera. Bai langileek eta baita bertako instalazioek ere, beharrezko segurtasunerako neurri eta baliabideak bermatuta dituzte, eta instalazioez gozatzeko aukera bikaina ematen dute.
Badakigu, baina, hainbatek egoera hobetu arte gurago dutela etxean geratu. Jakina, ez gara beraietaz ahaztu, eta horientzako zerbitzua ematen darraigu gure www.mugizaitezgurekin.eus atarian, hainbat eta hainbat euskarazko zuzeneko emanaldi emanez eta gomendio gidak astero berrituz.
Horrenbestez, osasuntsu egoteko baliabideak emanez eta datorkigun udaz goza dezazuela opaz, jaso ezazue agur bero bat.
Animo guztioi. Zaindu.