Bizi dugun testuinguruak azaleratu ditu zenbait egoera eta bizipen gure artean.
Izan ere, egoerak hodeiertza beste begi batzuekin ikusteko beharra eragin digu eta era berean, egonerokoa eraldatu zaigu.
Marraztutako paisaia ariketa fisikoaren praktikara ekartzen badugu, egoerak polikromia aberatsa erakusten digu, inondik inora.
Zenbait testuingurutan, ez da erraza zirrikiturik bilatzea norberari denbora eskaintzeko, are eta gehiago bizi dugun egoeran, non familia-kideen rol batzuk multiplikatzen diren eta lehentasunen eskala eraldatzen zaigun.
Bada, aldiz, etxetik lana egiteari abantaila erantsi dionik, esate baterako desplazamenduetan ematen zuen denboraren tarte bat ariketa fisikoari eskaini diona.
Bada ariketa fisikoa arrotz ikusten zuenekoa eta orain, aldiz, elkar- zaintza mezu kolektiboen oholdearen korrontea harrapatu eta uraren magaletan bizipoza daramana.
Bada era berean, «egin behar horri” planto egin eta denboraren kalitatea kontenplazio hutsean bilatu duena.
Halaber, bada inoren zaintza erdigunean jarri behar izan duena (kasu honetan emakumea) eta bere autozaintza bigarren mailan utzi behar izan duena. Zaintzaren erantzunkizunean, zoritxarrez, emakume-gizon arrakalak dirauela badirudi.