Badirudi azkenaldi honetan Gorputz Hezkuntzaren inguruan jardun garen profesionalen aldarrikapen historikoa indarra hartzen hasi dela, hezkuntzan astean 3 ordu izatearena,alegia.
Ikusi dugu nola autonomia-erkidego bateko presidenteak aldarrikatu duen, erabilera politiko kutsuarekin izan bada ere, zalantzarik gabe, indarra hartuko duen gaia izango da.
Astean Gorputz Hezkuntzako 3 orduak gauzatuko balira, berri ontzat hartuko genuke arlo honetan jardun garen profesionalok; haur/gazteen obesitatearen aurka, harremanak sendotzeko, garapen motorra hobetzeko, ohitura osasungarriak sustatzeko, eta abar.
Horrela izanda ere, nire zalantzak zuekin partekatzea nahiko nuke:
- Helburu hauek lortzeko, nahikoa al da Gorputz Hezkuntzan astean 3 ordurekin?
- Aldarrikapen honen atzean, ez al da lan postuak zabaltzearen helburua izango? (Guztiz bidezkoa izan daitekeena)
- Lehen aipatutako helburuak lortzeko, jarrera, eduki edota metodologia aldaketarik egon al da irakasleen aldetik ? Batzuen aldetik ziur baietz ….
Indarrak ordu gehiago “eskatzen” galdu beharrean, ez litzateke egokiagoa izango gure arloak duen garrantzia aldarrikatzea eskolak eskaintzen dituen aukeraz baliatuz?. Helburu bezala, OME-ek (Osasunaren Mundu Erakundea) gazteei begira egunean ordu bateko jarduera fisikoa egin behar dutela kontutan hartuz gero, eskoletatik nola landu dezakegu xede hau lortzeko? Argi dago astean 3 orduko luzapenarekin ere motz gelditzen garela!
Hezkuntza bizitzen ari den eraldaketa garai hauek aproposak izan daitezke, ikuspegia zabaltzeko, aukera ezberdinak sustatzeko, praktika anitzak proposatzeko, … Jarduera fisikoak hezkuntza komunitatearen egituran izan beharko lukeen garrantzia hartzeko aukeraren aurrean egon gaitezkeela iruditzen zait.
Pd: Gure gazteen ohitura osasuntsuak sustatzearen ardura, eskolara soilik ezin dela mugatu iruditzen zait.
Endika Muruamendiaraz