• HASIERA inicio
  • ZERBITZUAK Servicios
  • TALDEA Nosotros
  • KONTAKTUA Contacto
  • BLOG
  • Categoría: Sin categoría

    • JARDUERA FISIKOAREN GELDIALDIA UDAN?

      Posteado a las 11:40 am por admin, el 15 julio, 2024

      Uda atarian gaude jada; egun eguzkitxuak eta tenperatura epelak, opor giroa kaleetan
      (poteoak luzatzeko aukera bikaina!)… eta honekin batera, aurtengo ikasturtea bere
      amaierara iristen ari da.

      Kirol orientazio zerbitzuen kasuan, etenaldia egingo dugu uda sasoian eta jarraian azalduko dudan kezka sortu zait. Ohitura osasuntsuak izan eta batez ere hauek mantentzea ez da lan makala; zerbitzutik pasa diren batzuk jada lortu duten arren, beste batzuk helburu hori lortzeko bidean dihardute gure laguntzarekin. Gehienak adinduak dira, hauetako askok jarduera fisiko maila baxua
      izateaz gain beste patologia edo/eta limitazioren bat izaten dute, eta honek ikasturtean
      zehar landutakoari jarraipen bat ematea zailtzen du opor garaian.

      Argazkia: Freepik

      Zer egin genezake aurrez-aurre egon ez arren, pertsona hauei laguntza bera eman eta akonpainamendua eskaintzen jarraitu ahal izateko egindako lanarekin jarrai dezaten?
      Argi dago zerbitzu bera eskaintzea ia ezinezkoa dela, baina behintzat udan jarraitu beharreko aholku zerrenda bat ematea ezinbestekoa dela iruditzen zait, egin daitezkeen jarduera desberdinekin batera, udan aire zabalean jarduera fisikoa eta kirola egiteko aukera anitzagoa dela kontuan izanda.

      Aholku hauek, zerbitzura datozenentzat zein beste edonorentzat baliagarriak izan daitezkela
      pentsatzen dut, beraz, adi datorrenarekin!

      • Atseden hartzea ez da geldi egotearen sinonimo; askok udako oporrak, atsedena, hondartza, eguzkia eta denbora librearekin erlazionatzen dituzte, baina atseden hartzeko garaia den arren, osasuna ez da albo batera utzi behar, batez ere elikadura eta jarduera fisikoa. Hori horrela, aprobetxatu urtean zehar egin ez duzun jardueraren bat egiteko (hauetako askok egunerokotasunetik deskonektatzen ere lagun zaitzake), edo jarraitu egiten zenuenarekin modu lasaiago batean, helburua egoera fisiko, mental zein emozionala mantentzea izanik, behar izanez gero (batez ere tenperatura altuetan egiten bada), jardueraren intentsitatea edo/eta iraupena
        murriztuz, betiere ez baduzu beste kirol helburu zehatzik.
      • Udako tenperatura altuei eta hezetasunari aurre egiteko, saiatu jarduera fisikoa egiteko eguneko ordurik beroenak saihesten; unerik egokienak, goizean goiz, 12ak baino lehenago, edo atsaldean, seietatik aurrerako orduak, izango lirateke. Horrez gain, gorputza hidratatuta mantentzea inoiz baino garrantzitsuagoa izango da, tenperatura altuekin gorputzak gehiago izerditzen duelako, eta izerdiarekin ur eta gatz mineralak galtzen direlako. Horretarako, jarduera egin bitartean ura edatea komeni da (200 mililitro ur 20 minutuko gutxi gorabehera), eta egunean zehar ur-eduki handia duten sasoiko elikagaiak (meloia, sandia, marrubiak, anana, tomatea, etab.) kontsumitzea gomendatzen da.
        Izerdiarekin batera galdutako gatz mineralak berreskuratzeko edari isotonikoak edo/eta sodioa, potasioa eta magnesioa dituzten elikagaiak, hala nola, esnea, arrautzak, banana eta mahatsak kontsumitzea ere ez legoke gaizki.
      • Eguzki izpiekiko esposizioa onuragarria izan daiteke neurri batean, baina uda garaian esposizio zuzenak kalte egin diezaguke, eta horren aurka eguzkitako krema ematea gomendatzen da, batez ere aurpegian, arropa egokia janztea (kolore argiak, jantzi arin eta transpiragarriak, bisera eta guzkitako betaurrekoak) eta ahal izanez gero jarduera itzala dagoen lekuetan gauzatzea.
      Argazkia: freepik

      • Ahal den neurrian, aldendu jarduera fisiko saioak otorduetatik. Sabela bete berri, zailagoa da nagikeria gainditzea eta, jakina, gure energia maila baxuagoa da,gorputza digestioaz arduratuko delako. Otorduaren eta jarduera fisikoaren arteanzenbat eta denbora gehiago igaro, jarduera zelularra eta muskularra orduan etahandiagoa izango da (hala, gantzak kontsumitzeko ere eraginkorragoa).

      Aipatutako lau puntu hauek laburbilduz, jarduera fisikoa egiterako orduan kontuan izan beharreko faktore garrantzitsuenetarikoa, hau jorratzeko hautatutako eguneko momentua da, tarterik egokiena goizean goiz delarik, gosaldu aurretik edo sabela ondo bete gabe eta eguzkiak asko berotu aurretik. Horrela, ur eta gatz mineral gutxiago galduko ditugu, eguzki izpiek eragin diezaguken kaltea saihestu, eguzkia irten orduko endorfinak (ongizatearen hormonak) askatu, eta metabolismoa bizkortu eta gantz kantitate handiagoa kontsumituko dugu, egunaz disfrutatzeko eta plan desberdinak egiteko energia eta denbora izateaz gain.
      Egunak aurrera egin ahala, zailagoa da entrenatzeko tarte bat aurkitzea.

      • Zaindu zure entrenamendu saioen estruktura; edozein saiok sistema metaboliko eta neuromuskularra ondo prestatzeko aktibazio atal bat izan beharko luke, 10-15 minutuko beroketa bat, ariketa desberdinak intentsitate eta erritmo baxu batean eginda (luzaketa dinamikoak, mugikortasun ariketak, edo korrika eta bizikleta bezalako jarduera ziklikoak, adibidez). Ondoren, atal printzipala, nahi den ariketa/jarduera, intentsitate, erritmo eta denbora konkretu batzuetan eginez (desberdina bakoitzaren beharren, helburuen eta nahien arabera), eta bukatzeko “lasaitasunera buelta” atala, izenak dioen bezala, intentsitatea berriro murriztu eta sistema desberdinak egoera basal (“normal”) batera itzultzeko tartea. Azken atal honetan luzaketak sartzea garrantzitsua da lesioak prebenitzeko eta errekuperazioa bizkorragoa izateko. Ostean, batez ere gorputza bero eta azala gorrituta badago, dutxa edo bainu hotz batek berpiztuko zaitu! Hori bai, erritmo kardiakoa bereziki kontrolatu behar dutenek tenperatura aldaketak zaindu beharko lituzke, progresiboak izan daitezen eta ez bat-batekoak!
      • Azken aholku orokor moduan, aztertu zure oporren kokalekua eta inguruak; kirol instalakuntzak (gimnasioa, igerilekua, aire zabaleko osasun parkeak, bidegorriak edo kirola egiteko prestatutako bideak, etab.), hondartza, mendia… Horren arabera erabaki zer egin dezakezun eta ez ahaztu horretarako beharko zenukeen arropa eta materiala maletan sartzeaz!
      Argazkia: Freepik

      Eta zein jarduera-mota egin dezakezu uda garaian? aukera sorta handia da gero! Hemen
      horietako batzuk:

      • Udako giroan, kanpoko igerilekuari, lakuei eta hondartzari etekina ateratzea aukera paregabea da! Igeri egitea aukera bikaina da (crawl eran, bizkarrez, tximeleta eran, aletekin, pull buoy-arekin, taularekin, etab.), baina igerian ez badakigu ere uretan beste hainbat ariketa/jarduera egin daitezke, hala nola, indar ariketa desberdinak, jokuak eta aquagym edo uretako aerobika batez ere igerilekuan, eta surfa, stand up paddle, bodyboard eta snorkel-a hondartzan. Urak eskaintzen duen erresistentziak indarra lantzea ahalbidetzen du, uretan jarduera fisikoa egiteak kanpoko beroagatik gorputzaren tenperatura asko igotzea ekiditen du, inpaktuak deuseztatzen ditu artikulazioek jasaten duten pisua askoz txikiagoa delako, eta oreka mantentzea errazagoa da ur azpian. Halaber, uretan ez ezik, hondarretan ere egin dezakezu kirola hondartzan, itsasertzetik paseoan edo korrika, eta palan edo voleyan jokatuz, adibidez.
      • Kostako herri eta hirietan egonda ez ahaztu itsas pasealekuaz! batez ere goizean edota iluntzean, korrikalditxo bat egiteko, paseatzeko, patinatzeko edo bizikletan ibiltzeko lekuparegabea da, etxean izango ez dituzun bistez gozatuz.
      • Barnealdean aldiz, mendi edo baso arteko ibilaldiak egin ditzakezu, eta inguruan ez baldin badago horrelakorik, herriz herriko ibilaldiren bat egin dezakezu oinez, korrika edo bizikletan.
      • Eguraldia zeinahi ere den, kiroldegira edo gimnasiora joan zaitezke, eskaintzen
        dituen jarduera desberdinetan parte hartzera edo zure kabuz ariketak egitera. Zure
        etxean ere egin dezakezu, terrazan baldin bada hobe udako giroa aprobetxatzeko!

      Bukatzeko, azken gomendio bat ematea gustatuko litzaidake; batez ere normalean kirola bakarka egiten dutenei, animatu udan jarduera fisikoa konpainian egitera! Familian, lagunekin, bikotearekin, edota antolatutako taldeetan. Konpromiso maila altuagoa eskatzen du agian, baina alferkeria gainditzeko modu ezin hobea da! Gainera, atseginagoa izango da konpainian egitea eta gehien kostatzen zaigun momentuetan amore ematea ez da aukera bat izango, bestea(k) baino burugogorragoa ez bazara behintzat…


      Gozatu udako oporrak eta ez ahaztu…MOGIDU

      ________________________________________________________________

      Kimberly Lopez de Aréchaga

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • Athlonek, etorkizuneko erronkei erantzuteko hausnarketa egin du 2023-2024 ikasturte honetan

      Posteado a las 9:04 am por admin, el 28 junio, 2024

      Enpresen iraunkortasuna bermatzeko, ezinbestekoa da gizarteak behar duena eta enpresak eskaintzen duena aztertzea, eta aldaketa ugari eta azkar bizi garen momentu honetan, azterketa hau era sistematizatu batetan egiteko kudeaketa eredua sortzeak onurak ekarriko dizkio enpresari.

      Kudeaketa eredu honen lehenengo bertsioa sortu du Athlonek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamenduak «Gipuzkoako enpresa sarearen aukerak, balio diferentziala eta iraunkortasuna sustatzeko programa“ 2023ko deialdiaren baitan diruz lagundutako “Gaurko eta biharko kudeaketa eredua: Zahartzearekin lotutako negozio lerroak aztertzen” proiektuaren bidez.

      Proiektu honetan, jardun biko enpresa kudeaketa eredua aztertu eta gurera ekartzeaz gain, zahartzaroaren alorrean dauden aukerak eta Athlonek dituen gaitasunak aztertu ditugu, eta honetaz gain, zahartzoaren alorrean zerbitzuak diseinatzeko lehenengo formakuntzak jaso ditugu ere.

      2023-24 ikasturte honetan, Athlonek etorkizunerako prestatzeko aukera izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako dirulaguntza hauei esker.

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • Athlon Sintagmiak, gizarteak dituen beharrei hobeto erantzuteko eta langileen enplegagarritasuna hobetzeko proiektua garatu du 2023-24 ikasturtean

      Posteado a las 8:25 am por admin, el 28 junio, 2024

      Enpresen iraunkortasuna eta bertako langileen enplegagarritasuna hobetzeko,  ezinbestekoa da gizarteak behar duena eta enpresako langileen gaitasunak aztertzea eta hauek egokitzea.   

      Lan hau egiteko, Athlon Sintagmiak, langileendako formakuntza plana sortu eta martxan jarri du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak «Gipuzkoako enpresa ehunean eta ekosistema sozioekonomikoan enpleguaren kalitatea sustatzeko programa»
      2023ko deialdiaren baitan diruz lagundutako “Lankideen enplegagarritasuna hobetzen: formakuntza plana garatu eta martxan jarri” proiektuaren bidez.

      Proiektu honetan, Athlon Sitagmiako langileen perfilak aztertu, gizartean jarduera fisikoa eta kudeaketan ematen ari diren berrikuntzak aztertu eta hauek lortzeko formakuntza plana diseinatu eta martxan jarri da.

      Plan honen barruan, lidertza, bezero arreta eta jarduera fisiko modalitate berezien inguruko prestakuntza saioak eman dira.

      2023-24 ikasturte honetan, Athlon Sintagmiak bere langileen gaitasunak eguneratzeko aukera izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako dirulaguntza hauei esker.

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • ZER DA OSASUNTSUA IZATEA?

      Posteado a las 10:04 am por admin, el 30 mayo, 2024

      Badira urte batzuk osasunaren kontzeptuak ikuspuntu aldaketa bat jasan zuela. Lehen, osasuna gaixotasun edo min eza zen, hau da, gaixotasunik ez zuen oro pertsona osasuntsua zen.

      Gaur egun, kontzeptua askoz zabalagoa da, eta orain, osasuna ongizate fisiko, psikologiko eta soziala da, ez bakarrik gaixotasun eza. Testuinguru honetan, ezinbestekoa da osasungintzan lan egiten dugun guztiok pertsona baten dimentsio guztiak kontutan izatea, bakoitzaren bizi kalitate eta gizartean parte hartze egokia bermatzeko.

      Osasun profesionalok ez ditugu belaunak, bizkarrak edota sorbaldak tratatzen, PERTSONAK tratatzen ditugu. Horregatik, ezinbestekoa da pertsona baten gaitz edo min fisikoa tratatzeaz gain, bere osasun emozionala eta partehartze soziala kontutan hartzea. Honen harira, urteetan zehar eta tamalez oraindik ere, mediku eta beste profesional askok debekuaren bide erraza hartzen dute beti. Zerbaitek mina egiten badizu, hori egiteari utzi eta kitto, arazoa konponduta. Kontsultan nahiko ohikoa den adibide bat: Marijo astean birritan joaten da lagunekin mendira. 66 urte ditu, jubilatua, eta bere pasioa da lagunekin elkartu, mendi buelta egin eta herrira itzultzean aperitiboa hartzea. Marijorentzat plan hori ez da osasun fisikoa bakarrik, emozionala eta soziala ere bada. Kontua da, azkenaldi honetan belauneko mina izaten hasi dela Marijo, eta medikuarengana joatean, mendira joatea debekatu dio, horrela mina izan ez dezan. Orain ez du belauneko minik, baina bere osasuna eta bizi kalitatea nabarmen murriztu dira. Ziurrenik guztiok dugu inguruan horrelako istorioren bat.

      Arazo fisikoa estali egin da (ezin daiteke esan konpondu denik), baina bere osasun emozionala asko okertu da, oso mugatua sentitzen baita eta orain gutxiago ateratzen delako, eta horrez gain, beretzat ezinbestekoa zen partehartze sozial hori ere galdu egin du, lagunekin gutxiago egoten delako. Marijoren OSASUNA, ikuspuntu global batetik hartuta, eta bere bizi kalitatea okertu egin dira, nahiz eta orain minik ez duen. Ezin dugu esan beraz, lan ona egin dugunik bere kasuan. Badaude hori hobetzeko alternatibak, debekura jo gabe.

      Belaunak indartzea ditugu ariketen bitartez, gustoko dugun ariketa fisikora adaptatuz. Bendaje edo rodillerak erabili ditzazkegu karga murrizteko, edota bastoiak erabiltzen erakutsi bidea erosoago egin dezan. Noski, alternatiba hauek zailagoak dira. Balorazio sakon bat, planifikazio bat, jarraipen bat eta, azken finean, inplikazio eta lan gehiago eskatzen du horrelako tratamentu batek, debeku huts batek baino. Halaere, merezi izango du esfortzu eta inplikazio horrek, modu horretan bakarrik bermatu dezakegu eta Marijoren bizi kalitate eta osasunaren dimentsio guztietan ongizatea. Ez daude, oro har, jarduera debekatuak edo txarrak, baizik eta jarduera horietara ongi adaptatuta ez dauden gorputz edo estrukturak. Dosifikazio eta progresio egoki baten bitartez, ziurrenik gai izango gara ariketa hori modu seguru eta egoki batean egiteko.

      Batzuetan, ariketa edo kirol hori murriztu edo moldatu egin beharko da, posible da lehen egiten genuen berdina egitea, baina murrizpen edo moldaketa horren eta debeku osoaren artean ezberdintasun nabarmena dago. Eta hori izan behar da osasungintzako profesionalon lana hain zuzen ere, eta erabiltzaile edo pazienteek eskatzen digutena: Ez soilik mina kendu edo gaixotasun eza bilatzea, baizik eta bakoitzaren eguneroko jarduerak, eginbeharrak eta afizioak modu egoki, seguru eta osasuntsu batean egiten laguntzea. Horrek, noski, lan eta inplikazio bat eskatzen du bai paziente eta baita profesionalaren aldetik, baina talde lanarekin emaitzak guztiontzat onuragarriagoak eta azken finean hobeak dira.

      Ariketarik txarrena egiten ez dena da, sedentarismoa baita gaur egun gure osasunarentzat kaltegarrien den gaixotasun edo epidemia.

      Pertsona aktiboak osasuntsuagoak dira, eta gehiago eta hobeto bizi dira, eta gaur egun badaude guztiontzat alternatibak, gustoko dugun eta ongi egiten digun jarduera edo kirol bat praktikatzeko, bakarrik edo lagunartean. Beraz, debeku absolutuak pixkanaka alde batera utzi, eta bizimodu osasungarriak sustatzeko bidea hartzeko garaia da, bai profesionalen eta baita gizartearen partetik ere.

      ______________

      Manu Álvarez Elola

      Fisioterapeuta

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • Haur eta gazteen alfabetatze fisikoaren garrantzia

      Posteado a las 7:54 am por admin, el 30 mayo, 2024

      Entzun duzue inoiz «alfabetatze zibikoa”? bizitza publikoan eta prozesu demokratikoetan modu eraginkor eta arduratsuan parte hartzeko beharrezkoak diren ezagutza eta trebetasunei dagokie. Eta alfabetatze zientifikoa? pertsona batek kontzeptu eta prozesu zientifikoak ulertzeko duen gaitasuna da, eta, horri esker, zientziarekin eta teknologiarekin lotutako gaiei buruzko erabaki informatuak har ditzake. Era berean, «alfabetatze fisiko» (physical literacy) kontzeptua ere badago, hain ezaguna ez den arren, erabakigarria baita. Alfabetatze fisikoak jarduera fisikoaren hainbat alderdi, hala nola, gaitasun fisikoa, eguneroko portaerak, ezagutza eta ulermena, motibazioa eta konfiantza, gero eta gehiago garatzea eskatzen du, bizitza aktiboa eta osasungarria errazteko.

      Ezinbestekoa da adin-talde bakoitzaren lehentasunetara eta beharretara egokitzen diren jarduera fisikoa egiteko aukerak egotea, eta, horrez gain, pertsonak konpetente, informatuta eta motibatuta sentitzea jarduera fisiko osasungarrietan parte hartzeko. Haurren eta gazteen kasuan, jarduera fisikoak onura aitortuak ditu. Osasunaren Mundu Erakundeak horietako batzuk nabarmendu ditu.

      Baina zertarako Alfabetatze fisikoa? Hainbat azterlanek azpimarratzen dute alfabetatze fisiko ona duten haurrak trebetasunez eta konfiantzaz mugi daitezkeela egoera fisiko ugaritan. Beren ingurune fisikoa interpreta dezakete, mugimendu-beharrei aurrea har diezaiekete eta erronkei modu sortzaile eta eraginkorrean erantzun diezaiekete.

      Bestalde, alfabetatze fisikoaren maila handia garatu ez dutenek jarduera fisikoa saihesteko joera dute, beren gaitasun fisikoetan konfiantza gutxi dute eta ez dute jarduera fisiko egituratuetan parte hartzeko motibaziorik. Ebidentzia zientifikoak iradokitzen du alfabetatze fisikoa ebaluatzeak eta garatzeak lagun dezakeela ulertzen zergatik haur batzuek besteek baino gehiago parte hartzen duten jarduera fisikoetan. Helburua epe labur, ertain eta luzera bizitza aktiboagoa eta osasungarriagoa sustatzea da. Alfabetatze fisikoaren maila ona izatea funtsezko faktore gisa identifikatu da osasun optimoa mantentzeko. Ikerketa askok alfabetatze fisiko ona ongizate fisiko eta psikosozial hobearekin, gorputz-osaera egokiarekin, gaitasun fisikoaren maila egokiarekin, arteria-presio osasungarriarekin eta bizi-kalitate hobearekin lotzen dute.

      Eta zergatik ez dugu ikasketa-planetan sartzen? Gaur egun, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituen legediak ez du alfabetatze fisikoa edo motorra barne hartzen, baina bai alfabetizazio zibikoa, zientifikoa eta digitala. Bestela esanda, ez dago alfabetatze fisikoaren erreferentziarik gorputz-hezkuntzako ikasketa-planetan, ezta curriculumeko beste dokumentu batzuetan ere. Hala ere, gorputz-hezkuntza funtsezkoa da alfabetizazio fisikorako; izan ere, testuinguru ezin hobea eskaintzen du mugimen-trebetasunak eta trebetasun kognitiboak garatzen dituzten, bizimodu osasungarriak sustatzen dituzten, autoestimua eta konfiantza hobetzen dituzten eta talde-lana eta lankidetza sustatzen dituzten programa inklusiboetarako. Gainera, hezkuntza-curriculumean alfabetatze fisikoa barne hartzen duen diziplina anitzeko ikuspegi batek eragin nabarmena izan dezake. Eskola-ingurunearen bitartez, kontzeptu hori familiei transferi dakieke, gazteei alfabetatze fisikoaren prozesuan lagunduz eta etxean nahiz komunitatean bizimodu osasungarriak duen garrantzia indartuz.

      Laburbilduz, gizarte alfabetatu batek komunikazio eta bizikidetza egokia lortzeko aukera gehiago ditu. Era berean, fisikoki alfabetatutako gizarte batek jarduera fisikoa egitea erraz dezake eta bere onurak kideen artean zabal ditzake, biztanleria aktiboagoa eta osasungarriagoa sustatuz. Alfabetatze fisikoa txikitatik sustatzea funtsezkoa da guztiok bizitza oso eta osasungarriaz gozatzeko aukera izango dugun etorkizuna eraikitzeko.

      ________________________________________

      Neritzel Albisua Kaperotxipi

      Jarduera Fisikoa eta Kirolen Zientzietan Doktorea.

      ‘Red Española por una infancia activa y saludable’ko kidea

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • EMAKUMEA KIROLEAN

      Posteado a las 9:45 am por admin, el 3 mayo, 2024

      Jarduera Fisiko eta Kirolen zientzietako ikasketak egitean ikasi genuen zer den hezkidetza. Baina, irakasgai hura jasotzen ari ginen bitartean, eta baita gaur egun ere, iruditu zitzaidan kirol-hezkidetza norabide bakarrean egin dela: emakumeok pasa gara “gizonezkoen kirolak” praktikatzera; oraindik, oso mutil gutxi ikusten dira balletean, igeriketa sinkronizatuan edo gimnasia erritmikoan, adibidez.

      Gaurkoan, aitzitik, emakumea gizonezkoen kiroletara bideratu izanak ekarri dituen ondorioez hitz egin nahiko nuke: kirol horiek praktikatzeak mutilen modura, mutilen materialarekin eta emakumearen fisiologia kontuan izan gabe egitea ekarri du.

      Azken aldian bolo-bolo dabilen gaia da. Kasualitatez, Sara Alonso donostiar korrikalariaren kasua ezagutu nuen 2023. urtearen hasieran. Sarak 2022ko abenduan korrikalarien artean ohiko gisa izendatu dezakegun lesioa izan zuen: estresaren ondoriozko haustura, bere kasuan, aldakan. Lesiotik errekuperatzea kosta egin zitzaion. Inpaktuzko kirola utzi eta zaindu arren, hezurraren birsortzea denboran luzatu egin zen. Kausak aztertu ondoren, Sarak garbi adierazten du hezurraren birsortzea zergatik egin zen hain mantso: amenorrea, hilekorik eza­, izan zuen pubertaroan, hezurrek osatze handiena pairatzen duten garaian. Eta honek eragin dio gaur egun lesioetatik errekuperatzeko zailtasuna. Dirudienez, ingurukoek eta entrenatzaileek ez zioten nahikoa garrantzia eman une hartan Alonsori hilerokoa desagertu izana, baina emakume baten osasun-maila adierazten du hilerokoak, besteak beste.

      2023ko uztailean, arrauneko denboraldia bete-betean, Patxi Leon ikerlari eta arraunlari-ohiaren elkarrizketa batek eman zidan atentzioa: emakume arraunlariek gizonezkoek soberan dituzten ontziak erabiltzen dituzte euren kirol-praktikarako eta, honek, sorbaldako lesioak emakumezkoetan askoz gehiago agertzea eragiten du, materiala ez baita emakumearen gorputzera ongi moldatzen.

      Patxi Leon berak, Ane Arbillaga eta Beñat Larrinagarekin batera, emakume arraunlariek gorputz-pisuaren inguruan jasaten duten presioaz ere hitz egin dute. Gorputz-pisuak arraunean orokorrean garrantzia handia duen arren, emakumeek jasaten duten presioa eta honek duen eragina (elikadura nahasmenduak, adibidez) ikertu dituzte.

      Gaur egun, adibidez, kiroldegietako egunerokoan emakumeak fitness-aretora sarriago gerturatzen direla nabaritu dugu. Garai batean gizonezkoen eremu kontsideratu genezakeena, orain neska gazteak ere maiz erabiltzen dute euren kirol-praktikaren oinarri bezala. Adi egon beharko dugu kiroldegietako arduradunok eta bertako begiraleek emakumeei euren neurriko kirol-aholkularitza eskaintzeko, osasun-egoera inolaz ere kaltetu ez dadin gizonezkoek egiten dutena egiten duten moduan errepikatzeagatik.

      Kasuak mila izango dira, eta ikerketa izango da helbururako bidea: edonork nahi duen kirola praktikatzeko aukera izan dezala, eskubide gisa, osasuna galdu gabe. Emakumearen gorputza, anatomia eta fisiologia ikertzea izango da errendimendurako gakoa. Diodan bezala, kirolaren inguruko ikerketa gehiago behar dira emakumeen gorputzaren inguruan, baina, kirolaz haratago, emakumeen anatomiaz oro har.

      __________________________________________

      Alazne Agirrezabalaga Beristain

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • BIZI OHITURA AKTIBOEN SUSTAPENA BAINO ASKOZ GEHIAGO…

      Posteado a las 3:48 pm por admin, el 21 marzo, 2024

      Bada denboraldi bat Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuetan (JFOZ) lan egiten dugun teknikarion lan eredu edo gure eginbeharren inguruan hausnatzen hasi nintzela. Zein da zerbitzuaren helburua? Herritarrengan bizi ohitura aktiboak sustatzea. Horretan ez dugu zalantzarik. Baina guk, teknikariok, bizi ohitura aktiboak sustatzeaz gain, pauso bat haratago ere lan egiten dugula iruditzen zait; osasunean eragiten dugu (ez da zeregin makala). OME-ek  (Osasunaren Mundu Erakundea) honela definitzen du Osasuna:   «Osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabatekoa da, eta ez bakarrik gaixotasun eza».

      Beste galdera bat ere planteatuko nuke; Guregana datozen herritarrek, bai osasun-etxetik edota udaleko ongizate sailetik deribatutakoek, nahiz norbere kontu datorrenak,  ze behar dituzte?  Hausnarketak behar hauek identifikatzera narama; sozialiazioa eta taldean sentitzeko beharra, entzuna izateko beharra, ohitura aldaketetan bidelagun bat izateko beharra, gizartean bat gehiago sentitzeko beharra… Eta guzti honekin, bizi ohitura aktiboak sustatu behar ditugu! Aupa Gu!

      Argi dudana da, guzti honi erantzungo dion herramienta potente bat dugula esku artean; MUGIMENDUA. Edozein herritarren egoera eta baldintzetara egokitzen dena, osasunaren definizioan agertzen diren kontzeptuak lantzeko gaitasuna duena, modu zuzenean edo zeharkakoan izan (fisikoa, mentala eta soziala) eta noski, herritarren beharrak asetzen dituena (hori iruditzen zait behintzat).

      MUGIMENDUA  da hitza, eta honi heldu behar diogu. Mugimendua izan behar da gure egunerokotasunerako lan giltzarria. Mugimenduaren bitartez herritarren ongizate fisikoa sustatu, mugimenduaren bitartez pertsonen ongizate mentalean eragin eta noski, geroz eta behar handiagoa dagoen sozializaziorako giltzarri izan.  Bizi estilo aktibo eta sozial batek, gizabanakoaren ongizate emozional eta fisikoan eragiten du, edozein adin eta giza garapenaren edozein etapatan.

      Bitxikeriz eta amaitzen joateko, orain dela aste batzuk Legution pasatako istorio hau kontatuko dizuet. Kontxik, 70 urteko Legutioko emakumeak, “Legutio Mugituz Bizi”-ko  asteroko talde saio praktikoetan hartzen du parte. Orain aste batzuk lesio bat tarteko, ohikoena izaten den moduan, denbora tarte batez saio praktikoetara ez etortzea izango litzateke normalena. Ba ez, Kontxi saiora agertu zen. Gainerakoak saio praktikoa burutzen zuten bitartean ahulki batean eseri eta bertan egon zen. Bai, jarrera sedentarioan, baina taldeko partaide sentitu zen eta taldean egotearen beharra asetu zuen: SOZIALIZAZIOA.

      Hortaz, MUGIMENDUA ardatz, zaindu dezagun geure burua gainerakoei beraiena zaintzen lagun deizaiegun. Mens sana in corpore sano? Edo corpore sano mens sana? Berdin du, MUGITU GAITEZEN!

      __________________________________________

      Maialen Alkorta Agirre

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • ZAINTZA

      Posteado a las 1:59 pm por admin, el 14 marzo, 2024

      Martxoko hilabete honetan, sarritan entzun izan dugun hitza da zaintza. Zaintza erdigunean, zaintza kolektiboa, zaintza eskola… zergatik dabil barra barra guztion ahotan hitz hau? Etorkizuneko zaintza ereduetaz ere sarri hitz egin da. Pertsona erdigunean jartzen duen zaintza ereduaz batipat.

      Historikoki gizakiari lotua egon den hitz konplexu bat da. Ez lanbide gisa, “praktika zaintzaile” gisa baizik. Ezinbesteko jarduera bat izan da gizakiaren biziraupenerako. Hasiera batean, intuitiboki egiten zen zerbait bezala zen zaintza, ordainsari ekonomiko gabe, prestakuntza espezifikorik gabe.

      Erlijioarekin ere lotura estuak izan zituen, bokaziozko zaintza bezala. Gaixoa zaintzen zen orduan, soilik gaixotasunean begirada jarrita. Osasuna eta eritazuna, jainkoekin lotua zegoela ere pentsatu izan zen, zeinetan ekintza onak egiten zituenak, osasuna izango zuen saritzat eta ekintza txarrekoak berriz, gaixotasuna zigortzat.

      70eko hamarkadan hasi zen gaixotasunetik haratago begirada zabaltzen eta osasuna prozesu integral gisa ikusten, hau da, pertsona horri eragiten dion prozesuari begiratu eta zer egin daitekeen erabakitzen.

      Ikasketa profesionalak ere aurrera egin zuten, 1977an erizaintza unibertsitateko karrera bilakatu zen arte. Inguruko prozesuei begira jarraitu izan dugu urteetan zehar. Hauek zertan eragiten diguten ezagutzeko. Ongizate integral baten bila. Ongizatea, gaixotasunik ez izatea zela pentsatzen zen garai haietatik, gaur egun arte. Horretan gabiltza lanean, prozesu horietan eragin nahian.

      Epe motzean, zaintza izango da gizarte honen ardatz nagusietako bat, 2060an 3 pertsonetatik bat, 65 urtetik gorakoa izango delako. Nork zainduko ditu, nork zainduko gaitu? Nola zainduko ditugu, nola zainduko gaituzte? Zaintza ekosistema sortzean dagoela gako garrantzitsu bat esango nuke nik. Baina zer da zaintza ekosistema? herritik, herriarentzat sortzen den zerbait. Elkar zaindu, elkar elikatu, elkar ikasi eta saretu. Komunitate gisa funtzionatu eta nolabait, orain milaka urte geneukan helburu berbera lortu: “biziraun”.

      Beraz, nahiz eta zaintzak bilakaera asko izan dituen, osasuna zer den ulertzeko ehundaka modu egon diren arren, izan ginenaren esentzia berberera bueltatzen ari garenaren sentsazioa daukat nik.  Norbanakoaren bizitza betearen “vida plena”ren bila jarraituko dugu, etorkizuneko sekretua balitz bezala.

      Beraz, Ruper Ordorikak bere abesti ezagun baten zioen bezala: “Zaindu maite duzun hori”.

      ——————————————————————————————

      Dorleta Sologaistoa Aguiriano

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    • «KIROL eta JOLAS» proiektua, Kirola eta Euskara uztartuz

      Posteado a las 1:07 pm por admin, el 13 marzo, 2024

      Athlon Koop Elkarteak eta Asmoz Fundazioak elkarlanean, eskola kiroleko monitoreei zuzendutako euskarazko material digitala sortu berri dute, “Kirol eta Jolas” proiektuaren bitartez.

      Athlon Koop Elkarteak eta Asmoz Fundazioak, bakoitzaren ezagutza eta lana batuz, 6-9 urte bitarteko haurrekin aritzen diren monitore eta begiraleei zuzendutako euskarazko material digitala sortu dute, hala nola, «Kirol eta Jolas» proiektua.

      Proiektu hau, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Euskalgintza deialdiaren barruan diruz lagunduta garatu da, eta bertan 6-9 urteko umeekin, eskola kiroleko saioetan erabili daitezkeen joko bildumak era digitalean sortu dira. Joko hauek umeen artean ematen den harremanaren arabera sailkatu dira eta joko bakoitzaren azalpena idatziz eta bideo bidez eskaintzen da. Honetaz gain, adinaren eta jokoaren inguruko azalpenak ere eman dira.

      Sortutako webgunea ikusi nahi baduzu, sakatu esteka honetan.

      Publicado en Sin categoría | 0 Comentarios
    ← Entradas más antiguas
    Entradas más nuevas →
    • Sígueme en Twitter

      Mis tuits
    • Entradas recientes

      • INDUSTRIA IRAULTZA ETA ARKIMEDESEN TEOREMA
      • Sorbaldako patologian, ariketa terapeutikoaren garrantzia
      • LEGAZPI AKTIBATZEN: PERTSONAK, KOMUNITATEA ETA ONGIZATEA
      • Gipuzkoako Eskola Kirola ezbaian
      • ADIMEN ARTIFIZIALA fisioterapian: egungo errealitatea eta etorkizun hurbila
    • Categorías

      actividad física Bicicletas EEUU equipamiento España Gimnasios Grandes Marcas Innovación Internet Mundo Nuevas tecnologías Salud Sostenibilidad Transporte Usuario
    • Archivos

    • Búsqueda

Blog de WordPress.com.

Blog de WordPress.com.
  • Suscribirse Suscrito
    • athlonblog.com
    • ¿Ya tienes una cuenta de WordPress.com? Inicia sesión.
    • athlonblog.com
    • Suscribirse Suscrito
    • Regístrate
    • Iniciar sesión
    • Denunciar este contenido
    • Ver el sitio en el Lector
    • Gestionar las suscripciones
    • Contraer esta barra
 

Cargando comentarios...