Pasa den apirilaren 12an Alemaniako Kolonia hirira bidaiatu genuen Athlon Kudeaketako lan-taldeko kideok. Bertan, apirilaren 13tik 16ra, FIBO Global Fitness deritzon feria antolatu da. Feria hori urtero izaten da, Covid pandemiako urteak salbuespen izanda, noski. Fitness-industriaren feria internazionala izanik, bertan gaur eguneko eta etorkizunerako aurreikusten diren berrikuntzak enpresariei eta populazioari orokorrean, aurkezteko baliatzen dute erakusketan parte hartzen duten kirol eta osasunaren arloko enpresek.
Feria Koelnmessen egiten da, Koloniako erakusketa-zentroan. Eraikina elkarloturiko 11 pabilioiz osatuta dago, eta pabilioien gehiengoa kirol-makina eta -osagarrietara bideraturik zegoen arren, kirolaren inguruan sortu diren beste negozio-lerro batzuen erakusketak ere ikusteko aukera izan genuen.

Bisitatu genuen lehen pabilioia, batez ere, estetikaren mundura zuzendua zegoen. Bertan, kirol gutxi baina edertasunarena bideraturiko produktuak eta zerbitzuak ikusi genituen: arropa-dendak –batzuk hainbat arropa beherapen handiarekin jartzeko aukera baliatu eta izugarrizko mugimendua zuten euren txokoetan–, ileapaindegiak (3-4 ikusi genituen bisitariak makillatzen eta orrazten), edertasunera zuzenduriko elikadura-enpresak (batez ere, argaltzeko helburuarekin sorturiko elikagaiak eskaintzen zituztenak) eta baita hortzak zuritzeko ahoan jarri beharreko makina bat probatzeko aukera ematen zuen txokoa ere! Gure lan-esparrutik oso urrun somatzen genuen lehenengo pabilioi hau.
Ondoren, kirol-nutriziora bideraturiko pabilioira sartu ginen. Somatzen genuen bertan ere gure lanetik gertuegi egongo ez ziren produktuak topatuko genituela, eta ez genbiltzan gaizki, ez. Enpresek mezu eta irudi bortitzekin bisitatzaileen arreta deitu nahi zuten erakusten zituzten produktuak saltzeko eta informazioa zabaltzeko helburuarekin. Pabilioi horretan, proteina-potoak saltzen zituzten erakustokiak topatu genituen, gorputz hipermuskulatuko modeloen laguntzarekin. Pabilioi honetatik ere azkar asko aldegin genuen!
Fitnesseko pabilioietara iritsi ginen, azkenean. Etxe askotako erakustokiak aurkitu genituen bertan. Ohikoagoak diren enpresa amerikanoen postuez gain, Asiako makina-etxeen espazioek harritu ninduten. Gainerakoan, bi negozio-norabide definituko nituzke. Lehenengoa, teknologia. Etxeko telebista baino hazbete gehiagoko telebistak zituzten kardio-makinak, adibidez. Baina teknologia makina ia denetan zegoen ezarria: telebista ikusteko aukeraz gain, aplikazio desberdinekin entrenatu eta, bide batez, mugikorra kargatzeko aukera ere ematen zuten. Bigarren berrikuntzari dagokionez, osasun-mentalera bideraturiko irudi, osagarri eta makinaren bat ere topatu genuen. Bazegoen horien inguruan giro lasaia bilatzeko asmoa: ariketak egiteko osagarrietan egur eta egur-kolore asko topatu genuen. FIBO feria etorkizunean gurera etorriko dena aurreikusten laguntzen omen digu eta, ezer berririk ezean, teknologiari estuki loturiko makinak eta bake-mentalera bideraturiko irudiak eta osagarriak izango direla dirudi.
Azken pabilioitik ere eman genuen bueltatxo bat: bertan, osasun eta bizi-estiloarekin loturiko produktuak topatu genituen. Masajea ematen zuten eserlekuak eta baita kafe-makinak ere! Fitnessaren aitzakian, nahi adina produktu eta zerbitzu biltzen zituen feriak.
______________________________________________________
Alazne Agirrezabalaga Beristain