Jada urte erdi pasa da Oñatiko eskoletan, ongizatearen inguruko lanketak martxan jarri genituenetik, mugimenduaren garrantziaren inguruko solasaldiak, elikadurarekin lotutako tertulia teoriko eta praktikoak, eta ikasle askori arrotza, interesgarria, beldurgarria eta era berean oso baliagarria egin zaien emozioen maneiatzearen inguruko lanketa.
Askotan ez gara ohartzen gure emozioek ematen diguten informazio guztiaz, eta gainera banaketa egiten dugu gure emozio ”onen” eta “txarren” artean, baina emozioak “txarrak” izan daitezke?
Argi dago emozio batzuk atseginagoak izango direla, adibidez, pozik nagoenean, nire gorputzak sentsazio hori denboran mantentzeko mekanismoak jarriko ditu martxan. Era berean, batzuk desatseginak izango dira, hala nola beldurra, antsietatea, haserrea… Beldurra esaterako, arriskuan zaudela uste duzunean agertzen den emozioa da, tonu muskularra eta bihotz taupadak areagotuz, gorputz tenperatura igoz, etab. Hau da, ahalik eta denbora tarte txikienean, mehatxua ebaluatu eta erabaki onena hartu ahal izateko, ihes egin, erasotu edota geldi geratzeko jokaerak martxan jarriz. Honek, ikasle baten anekdota dakarkit burura, “eta eskerrak beldurra sentitzen dudan, bestela zebrabide hartan ez nuke korrikarik egingo eta kotxeak harrapatuko ninduen”.
Baina zenbaitetan ez naiz ohartu txapelketa aurreko egunetan nuen tripako minak presioak sortutako antsietateak zirela. Edota kidearekin haserratu eta errealitatearekin bat etortzen ez ziren pentsamenduak izatea. Inork ez dit irakatsi egoera hauen aurrean edota horrelako emozio nahasketen aurrean nola jokatu edota zein tresnaz baliatu, hau frustrazioz beteriko egoera batetan bilakatuz.
Emozioak gure parte dira, normalak, naturalak eta kaltegabekoak. Gainera, gure inguruan eta gure barnean gertatzen ari denaren inguruko informazioa ematen digute, baita honen aurrean zerbait egitera bultzatuz ere. Hala ere, emozio hauek kaltegarriak izatera iritsi ahal dira guretzat. Emozio hauen intentsitatea (emozioaren bizitasun maila), iraupena (agertzen denetik desagertzen den arteko denbora), eta maiztasuna (zenbat aldiz agertzen da) neurriz kanpo dagoenean, kaltegarriak bilakatuz.
Honegatik uste dugu oso garrantzitsua dela gure barrenera begiratu, eta bertan ditugun sentsazio fisiko eta emozionalekin solastea, lantzea eta gertatzen denaren interpretazio egoki bat egiten ikastea, gure pentsamenduak, jokaerak eta sentsazio fisikoak ahalik eta osasuntsuenak izateko.
Gure eguneroko bizitzan hain garrantzitsua den alderdi honi behar duen garrantzia emanez, gainerako ikasgaiekin batera, ikastetxeetara gerturatzen jarraituko dugu, dakiguna irakatsiz eta ikasleengatik ikasten jarraituz. Alex Areizagak, «Itzalak» mendi laburmetrailean esaten duen bezala, “ikusten ez den gure motxila imaginarioan sartzen duguna gara”, gure beldurrek, pozek, segurtasun ezek, erronkek, ametsek, galerek, desioek… egiten gaituzte garena.
________________________________________
Pello Uriarte Moreno