Schools 4 Health kongresuko gakoak
Joan den astean Schools 4 Health kongresuan egon ginen. Ez, ez genuen hegazkinik hartu Bruselasera joateko (karbono aztarnarik ez!), Gasteiztik eta Bergaratik konektatu ginen Gorka Martinez eta neu. Hitzaldi sorta bat entzuteko pribilegioa izan genuen, eskola inguruneetan osasunaren sustapenari buruzko ikuspegi sakona eman zigutenak. Estrategia berritzaileetatik hasi eta sortzen ari diren erronketaraino, ekitaldiak ezagutza eta ikuspegi baliotsuak eskaini zizkigun.

Ebidentziak garbi erakusten du: Europako hezkuntza-sistemak krisian daude. Haur eta gazteen osasun fisiko eta mentala kaxkartzen ari da Europako leku askotan, eta desberdintasun soziosanitario handiak daude oraindik. Bitartean, soldata baxuek, estresak eta administrazio-kargek irakasleen eskasia eta gehiegizko lan zama dakarte. Faktore horiek guztiak kontinente osoko haurren eta gazteen potentziala eta bizi-aukerak murrizten ari dira.
Hilde Crevits-ek (Flandriako Gobernuko presidenteordea, Flandriako Ongizate, Osasun Publiko eta Familia ministroa) dioen moduan: osasun fisiko, sozial eta mental ona duten haur eta gazteek, oro har, arazo gutxiago izaten dituzte eskolan, eta helduek baino hobeto egiteko aukera gehiago izaten dute. Funtsezkoa da baldintza egokiak sortzea gazte guztiak osasuntsu egoteko eta ondo sentitzeko. Eskolak leku aproposak dira honetan lan egiteko, haur eta gazte guztiengana iritsi gaitezkeelako.
Osasuna sustatzeko planteamenduek osasuna eskola-curriculumetan sartzeaz gain, bermatzen dute kultura orokorrak eta ikastetxeetako egiturek lagundu egiten dutela eskola-komunitateko guztien osasuna eta ongizatea lortzen. Ebidentzien arabera, planteamendu horiek ikasleen eta irakasleen osasun fisiko eta mentala hobetzeaz gain, hezkuntza hobekuntza dakarte. Honen harira Kevin Dadaczynski (Fulda University of Applied Sciences Alemaniako irakaslea eta SHE Network ikerketa-taldeko presidentekidea) dio planteamendua aplikatzeko funtsezko oztopo bat da irakasleek eta ikastetxeek curriculumeko oinarrizko irakasgaiak emateko duten presioa. Osasunean zentratzea zeregin osagarritzat hartzen da, konponbidetzat baino gehiago. Irakasleen eta gazteen osasunean eta ongizatean inbertitzeak hezitzaile eta ikasle gisa lortzen eta betetzen lagunduko du.
Kongresuan ere adierazi zuten, osasuna sustatzeko planteamenduak arrakastaz ezartzeko orduan, lan asko dagoela aurretik. Politika nazionalen ondorioz, Europako ikastetxeen %29k bakarrik egiten du lan halako hurbilketekin. Eskola-sistemek, egiturek eta politikek askotan ez dute berrikuntzarik onartzen hezkuntza alorrean, bestelako eskakizun handiak baitituzte. Europar Batasuneko azken arau-ekimenek, hala nola Eskola Arrakastarako Ibilbideek, eskola-arrakastaren eta ongizatearen banaezintasuna azpimarratzen dute, bai ikasleen bai irakasleen aldetik. Lotura horri aurre egiteko, beharrezkoa da ikuspegi osoa eta lankidetza estua izatea. Osasuna eta hezkuntzako arduradunen arteko lankidetza sendoagoa behar da, eskolan ongizateari heltzeko, ikasleei beren potentzial osoa lortzeko eta etorkizunerako hobeto prestatuta egoteko aukera guztiak ematen zaizkiela bermatuz (Oana Felecan, Hezkuntza, Gazteria, Kirola eta Kultura Zuzendaritza Nagusia, Europako Batzordea).
Osasunaren sustapena ez dela soilik ikastetxeen ardura ere adierazi zuten. Arduradun politikoek, agintari publikoek, profesionalek eta eskolen inguruko komunitate zabalenak erantzukizun partekatua dute. Neurri eta tresnek osasuna sustatzeko eskola-ikuspegiaren funtsezko gogoetak txertatzen dituztela bermatu behar dute, eta aldaketa positiboaren eta eskola-ingurune osasuntsuagoen bultzatzaile direla. Caroline Costongs, EuroHealthNet-eko zuzendariak zioen bezala, premiazkoa da hezkuntza-esparrua hobetzea haurren, nerabeen eta irakasleen ongizaterako. Funtsezkoa da osasun mentala, elikadura eta jarduera fisikoa hobetzen dituzten eskola-baldintza eta inguruneetan zentratzea. Horretarako, sektoreen arteko koordinazio estua behar da, udaletatik hasi eta Europar Batasuneko politika mailetaraino.
____________________________________________________
Neritzel Albisua Kaperotxipi
