
Ur jolas guneak
Esango nuke irratian ur plisti-plasta hotsa, haurren jolas zarata eta sorosleak txilibitu joka minutu erdiz entzunez gero, edonori etorriko litzaiokeela gogora bere edo aldameneko herriko estali gabeko igerilekuaren edo erreka bazterren baten irudia- Baita itsaso edo lakuarena ere, bakarren batzuei. Nahiz eta aurrez edo ondoren esataria entzun ez, gainera. Eta gehien-gehienean irudi atsegina izango da gogora etorritakoa.
Nire kasuan irudi bi ziren orain urte gutxi arte: erreka bazterra bata; itsasbazterra, berriz, bestea. Baina bada uraz gain amankomunean dagoen elementu bat. Nagusi bat, orkatilak uretan barneratuta, zutik, begirik kendu ere egin barik niri begira. Edo guri, taldean bazen. Inporta zuen norbera zenbat sartzen zen uretan. Garrantzitsua zen itsasoa edo erreka bera ulertzea. Eta arreta jarri behar zen jolasak inguruan kalterik eragin ez zezan.
Gaur egunean, berriz, kudeatzen ditugun udako igerilekuak datozkit akordura. Eta lehengo aldean beste hainbat konturekin arduratzen naiz. Gara, talde lanean den kasuetan. Baina etxeko nagusiek irakatsitakoak gainontzekoen gainetik daude. Norberak zaindu behar ditu ingurukoak. Are gehiago haurrak badira zaintzapekoak.
Goza dezagun elkar zaintzan, baita ere, udako igerilekuez, errekez, lakuez edo itsasoaz. Ur plisti-plasta hotsa, haurren jolas zarata eta sorosleak txilibitu joka atsegina gerta dakigun aurrerantzean, baita ere.
_______________________________________________________
Iñigo Murgiondo Aguirre
