
Ni ez naiz inor esateko zer den eta zer ez lehiaketa herrikoi bat; baina
distantzia, esfortzu-maila, entrenamendu-maila beharrak desberdintzen duela
uste dut herrikoia dena kirol-errendimendutik. Horrela, proba herrikoiak (San
Silvestre eguneko lehiaketak, herriko 7´5 kilometroko luzerako kros mistoa,…)
lehiaketa sutsuko probak bihurtu direla dirudi, eta entrenamendu maila altua
(oso altua ez esatearren) eskatzen duten triatloi desberdinak, bizikleta
proba xtrem guztiak, Zegama-Aizkorri eta gisakoak,
“edonorentzat” eskura jarri dira, edo hori sinetsi dugu.
Bertan izen-emandakoak asko zeuden ondo prestatuak, baina ikusi genuen ere
lesio edo teknika faltagatik, korrika egiten keinu oso txarra zeramanik, eta
pentsatze hutsa beste 10-15km aurretik zituztela… kirol profesional gisa
oilo-ipurdia jarri zitzaidan, epe labur zein ertainean horrelako probetara modu
horietan aurkezteak zein ondorio izan dezakeen ez ote den gutxiegi baloratzen;
osasuna baita, errendimenduaz gain, buruan izan behar dugun oinarria.
Horrela, badirudi ez dakigula jarduera fisikoa egiten berataz disfrutatze
hutsagatik, unean ematen dituen onurak gozatzeagatik, epe motz-ertainera
osasunean izango ditudan hobekuntzengatik. Badirudi, lehiatzen ez badugu ez
dakigula jarduera fisikoaz gozatzen; ezin dugula kirola egiteko konpromisorik
hartu ez badugu 70-150€ko izen-emate bat ordaintzen.
Eta horrela, kiroldegietako ikastaroetako eskaintza oso bat egitea
korapilatzen zaigu. Gure ikuspuntutik, proba herrikoiek hartu duten kutsua dela
eta, entrenatzaile pertsonal edo kirol hezitzaile baten laguntzaz prestatu
beharreko lehiak dira; eta gure ikastaroak jarduera fisikoaren sustapenaren eta
osasunaren ikuspuntutik herritar ororentzat modukoak izan behar dute.
Herritarrak, ordea, jarduera fisikoaz gozatzera hezitu beharrean aurkitzen
gara, lehiaren kutsua alde batera utzi eta norbere osasun fisiko eta mentala
landuko duen ekintzak arrakastatsu izatea dugu helburu.
Hala ere, jarraituko dugu berriz ere Zarauzko triatloiaren ikuskizunaz
gozatzen; kaleak oihuka, ikusleen garrasiak eskertzen jarrai ditzaten kirolari
hauek.
Eta aurten ere, emakume txapelduna euskalduna izateaz gain, gertukoa
izanagatik, mikrofonotik emandako protagonismoa eskertzekoa da, biharamunean
hainbat egunkarik islatzen jakin ez zutena, baina gazteengan kirolari
erreferente gisa emakumeak eredu izateko feminismorako bidean lan ederra izan
zena. “Ama, nik Helene nahi dut ikusi iristen” esan zidan alabak. Eta hantxe
egon ginen zain, gure txalo zaparradarik beroenak jaso zituen iritsi eta lurra
bota zenean. Eta gutxira bere lagun eta aurkari aldi berean, azken edizioetako
txapelduna, Judith Corachán iritsi eta elkar eman ziren besarkadak merezi izan
zuen.
____________________
ALAZNE AGIRREZABALAGA BERISTAIN