
Athloneko kideok ikasturte honetan hausnarketa prozesu berri bat jarri dugu martxan. Baina aurtengo hausnarketa hau berezia izango da, negozioari erreparatu beharrean, gure antolaketa ereduari erreparatuko baitiogu. Hau dena, galdera hauei erantzun nahian egingo da: zelan transmititu Athloneko ezagupenak, balioak… kide berriei? Zein izan behar da gure antolaketa eredua gizarteak dituen behar berriei erantzun ahal izateko?
Badirudi guk bezala, enpresa askok gai honetan interesa duela. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresen enplegagarritasuna hobetzeko diru laguntza lerro berri bat atera du langileen partaidetza sustatzeko eta antolaketa eredu berriak txertatzeko. Bestetik, aurreko astean Arrasaten, talentua, ezagutza eta honen transmisioaren inguruko jardunaldia antolatu zen eta hona hemen bertatik nik ikasitakoa.
Talentua potentzial altuko pertsona bezala ulertu badezakegu ere, azkenaldi honetan eta enpresa alorrera ekarrita, talde talentuaz ere hitzegiten da, izan ere, gizarteko beharrei erantzuna emateko diziplina anitzeko taldeak behar baitira. Baina zer egin behar du enpresak talentuko pertsona horiek erakarri eta mantentzeko? Enpresa erakargarria izan behar gara, ezaguna eta lan baldintza minimo batzuk betetzen dituena, eta behin pertsona berriak gurekin hastea erabaki duenean, enpresako helburuak, estrategiak, antolaketa… azaldu behar zaizkio, honek, bere gustoko enpresa den edo ez erabakitzeko. Enpresan denbora aurrera joan ahala, mantentzea lortu behar da, eta horretarako bere ibilbide profesionala definitzea eta honen jarraipena egitea egokia da.
Baina haratago joanda, ezagutzarekin erlazionatutako beste bi arazo ditugu egungo enpresetan. Batetik, ezagutzaren zaharkitzea ematen da uneoro aldatzen den gizarte honetan, enpresako partaideen ezagutzak ere eguneratu behar dira eta honetaz arduratu behar gara. Bestetik, zelan transmititu ditzakegu enpresaren ezagutza eta balioak? Eta hona hemen galdera honi gehitzen zaion beste aldagai bat, zein da gure enpresaren ezagutza kritikoa? Enpresako kide bakoitzak bere lanerako beharrezkoa den ezagutza hori jasoko duela ziurtatu behar dugu, honetarako plana eginez.
Aurtengoa hausnarketa urtea izango da Athlonen eta bertan landuko ditugu ilusio handiz gai guzti hauek, athlondarren konpromisoa, bideragarritasun eta enplegagarritasuna mantentzeko.
Gorka Martinez de Lahidalga