LKS, ATHLON, CODESYNTAX, KREAN, ONDOAN eta SMART STRATEGY FOR COMMUNICATION enpresek osatutako partzuergoa ADAGIO proiektua garatzen ari da VICOMTECH Zentroaren laguntzarekin. Ekimen horren helburua da Adimen Artifizial Sortzailean eta hizkuntza sortzaileen ereduetan (LLM) oinarritutako testua automatikoki sortzeko sistema ikertu eta garatzea.
ADAGIOk industriaren erabilera espezifikoetara egokitu daitekeen sistema bat aztertzea eta garatzea du helburu, hizkuntza-ereduak domeinu eta erabilera espezifikoetara egokituz. Zehazki, lau erabilera-kasu nagusi biltzen ditu, «guztiak partzuergoko enpresen beharretan oinarrituta», zehaztu dute. Lehenengoan, dauden zehaztapen teknikoetan eta aurretiazko dokumentazioan oinarritutako memoria eta eskaintza industrialak sortzea lantzen da. Bigarrenik, lehendik dagoen dokumentaziotik abiatuta eduki berriak sortzea. Eta hirugarrenak eta laugarrenak marketinaren arloa eta osasunarekin eta jarduera fisikoarekin lotutako ikastaroak hartzen dituzte.
ADAGIO proiektuak HAZITEK programaren finantzaketa jaso du, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailarena, bai eta Europar Batasunarena ere (EGEF).


