Azken urteotan, osasunarekin eta ongizatearekin lotutako interesa nabarmen handitu da gizartean, hala ere, sedentarismoa, oraindik erronka handia da osasuna eta mugimenduaren promozioan lan egiten dugunontzat. Testuinguru honetan, jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuek gero eta garrantzi handiagoa hartu dute, herritarrei informazioa, orientazioa eta laguntza eskaintzen dizkieten baliabide gisa, jarduera fisikoa modu errealista eta egokian herritarren egunerokoan txertatzeko.
Zerbitzu hauek behar guztientzat irekitako espazioak dira, eta bertan informazio fidagarria eta pertsonalizatua eskaintzen da. Ez da soilik ariketa fisikoa gomendatzea helburu, baizik eta ohitura aktibo eta osasungarriak garatzen laguntzea, pertsona bakoitzaren egoera, interesak eta aukerak kontuan hartuta. Jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuak, gainera, erreferentziazko gune bihurtzen dira jarduera fisikoari buruzko zalantzak dituzten pertsonentzat. Hasierako balorazio baten bidez, erabiltzailearen egoera fisikoa eta beharrak aztertzen dira, eta horren arabera gomendio zehatzak ematen dira. Prozesu honek segurtasuna ematen dio erabiltzaileari, lesio arriskua murrizten du eta jarduera fisikoa alde batera uztea saihesten laguntzen du.

Athlonek, jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuen garapenean egindako lana azpimarratzekoa dela uste dut. Ibilbide luzea dugu orientazio zerbitzuak martxan jarri ziren egunetik gaurkora, zerbitzu ezberdinak eskaini dittugu eta hauek guztietatik ikasten joan garela nabarmena da. Athloneko “JFOZ”etan, ikuspegi hurbila eta komunitarioa dugu oinarri, herritarren zaintzan ari garen momentutik, gertutasuna, enpatia eta profesionaltasunarekin ekiten diogu helburua lortuko dugunaren ilusioz. Esperientzia guzti honek gure nortasuna eraikitzen lagundu digu, baita, orientazio zerbitzuen eredu propioa izatera eraman. MobiDurango orientazio zerbitzuan, DAVID metodologia inplementatu izana dugu honen eredu nabarmena. 2025. urtean 3.000 hitzordutik gorako asistentzia izanak, erreferentziazko zerbitzu bat bilakatzen du, emaitzetan eta erabiltzailearen gogobetetasunean arrakasta izanik.

Guzti honek erreferente bihurtzen gaitu osasuna eta jarduera fisikoaren promozioan, eta otsaileko lehen astean martxan jarriko diren 3 orientazio zerbitzuak, esfortzu honen fruitu dira. Gipuzkoan eta Bizkaian gure hazia ereiten jarraitzen dugu, zehazki, Gatzagan, Etxebarrian eta Zumaian.
Zumaiako orientazio zerbitzua “ABANTE” izenarekin ezagutuko dugu, “Itsasontzietan aurrera egiteari edo abiatzeari esaten diogu Zumaian” eta Leire Juanbeltz izango dugu zerbitzu honetako “patroi”. Leirek Atxabaltamugiko zerbitzuan eman zituen lehen pausuak orientazioan eta lan paregabea egin du bai Atxabaltan eta baita Oreretako “JFOZ”an ere. 8 orduko zerbitzu bat izanik, irrikaz itxarongo dittugu Abante Zumaiako proiektuen berriak.
Beste alde batetik, Etxebarriako EKIN! ETXEBARRI Zerbitzuari ekingo diogu, Eñaut Gorosabelen gidaritzapean. Herri txiki honen erreferente da Eñaut, bere kabuz herriko jarduera fisikoaren promozioan lanean ibili zen, saio gidatuak eta entrenamenduak dinamizatuz. Gaurkoan orientatzaile izanda, herritar guztiek estimu handian dute bera, eta ziur nago lan paregabea egingo dutela. 6 orduz arituko da Etxeberriako bazterrak nahasten.

Azkenik, GatzaGarra “GG” Zerbitzua abiatuko da, gatzaren nortasunetik abiatuz eta herritarron garra aintzat hartuta, izenak, berak bakarrik agertzen du bere esanahia. Oraingoan, Iñigo Agirre batzen da gure lan taldera, jarduera fisiko eta osasun programetan aditua. Bi astez ibili da Athloneko metodologia ezagutzen eta iada lehen pausuak ematen hasiko da Gatzagan, ilusio handiz. 4 orduz arituko da, banakako aholkuilaritzan eta bertako fitnes gela dinamizatuz.
Orientatzaile Athlondarrok, argi dugu jarduera fisikoaren orientazioa ez dela helmuga bat, baizik eta etengabeko prozesu bat. Ikasitako guztiarekin eta lortutako esperientziarekin, ilusioz eta arduraz jarraitzen dugu hazten, hobetzen eta herritarren beharretara egokitzen. Gure konpromisoa argia da: gertutasunetik, profesionaltasunetik eta komunitatetik lanean jarraitzea, jarduera fisikoa pertsona guztien egunerokoaren parte izan dadin.
Etorkizunari begira, indar berarekin eta ilusioz, bidea egiten jarraitzeko prest gaude.
_________________________________________________
Pello Uriarte – Jarduera Fisikoaren Orientatzailea
