Aztarna ekologikoa, eguzki sistema, harri sedimentarioak, industria iraultza edo Arkimedesen teorema. Horiek dira Athloneko lankideok azken aste honetan zehar DBH-ko maila ezberdinetako ikasleekin landu ditugun edukiak. Gorputz hezkuntza mimatzen eta zaintzen jarraitzen dugu, baina azken urteetan erronka berrietan ere bagabiltza.
Nolatan ba?
Arizmendi ikastolak disziplina arteko PROIektuen aldeko hautu sendoa egin du eta gure egunerokotasunean horietan burubelarri murgilduta gabiltza. Gaur egungo irakasleon profila polibalentea da eta horrek ikasle talde berberarekin ordu ugari igarotzea ahalbidetzen digu. Modu horretan ikaslea bere osotasunean ezagutzeko eta ulertzeko aukera handiagoa dugu, berak ere gure partetik konfiantza eta segurtasuna sentituz.
Pigmalion efektuak azaltzen duen bezala, ikaslearengan espektatiba positiboak ezartzeak bere garapen akademiko zein pertsonalean sekulako eragina du. Horrela, hezkuntza metodologia berritzaile honen bitartez, ikaslearengan sekulako inpaktua izan dezakegu.

Ardura eta erronka handia dugu aurrean, gure egunerokotasuneko jardunean aldaketa itzela suposatu diguna. Hori bai, BERRIKUNTZArekin guztiz KONPROMETITUTA gaude eta gure onena eskaintzeko TALDE-LANA eta AUTOGESTIOA uztartzen ditugu. Beti ere eta ahal den heinean, ALAITASUNA transmititzen saiatuz.

Bai, ATHLONEKO BALIOETAN oinarritzen gara erronka honi ahalik eta modurik hoberenean erantzuteko. Azken finean, irakaskuntza ikasleentzat esperientzia esanguratsuak eta positiboak sortzean datza eta ATHLON-en zerbaitetan adituak bagara, esperientziak sortzean da.
____________________________________________
Arizmendin lanean ari den Athlon-eko lan taldea
