Orain arte, AKTIBATU Legazpi Orientazio Zerbitzuan 100 pertsona ingururi eman diegu arreta, bakoitza bere behar eta egoera desberdinekin. Horri esker, ikusi dut zerbitzuak duen garrantzia herritarren ongizatean ikuspegi pertsonalizatu batetik.
Gainera, herriko hainbat eragilerekin ari gara elkarlanean, helburu argi batekin: Legazpiko biztanleria ahalik eta aktiboena bihurtzea. Lankidetza hori aberasgarria da, sare komunitarioa sendotzen duelako eta ikuspegi zabalago bat ematen digulako.

Hala ere, niretzat aipagarriena izan da KOI taldea sortzea —Koordinazio, Oreka eta Indarra uztartzen dituen saioa—. Talde hau zerbitzuan aktibo dauden pertsonez osatua dago, eta giro bikaina lortu dugu. Egunerokoan ikusten da nola egiten duten aurrera: beraiek kontatzen didate saioetan hasi zirenetik nola hobetu duten eskailerak igotzerakoan, ibiltzerakoan edo sofatik altxatzeko orduan. Horrelako aldaketek erakusten dute benetan merezi duela egiten dugun lana, pertsonen bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dugulako.
Horixe da niretzat garrantzitsuena: aldaketa txikien bidez lortzen diren hobekuntza handiak. Horrek motibatzen nau lanean jarraitzera, ilusioz eta gogoz. Gainera, jada baditugu esku artean proiektu berriak, hezkuntzarekin, emakumeekin lotutakoak… eta horrek energia berritu bat ematen dit orain arte bezala jarraitzeko.
_______________________________________________________
Mikel Aramendia
Jarduera fisikoaren orientatzailea
