Derrigortasunik gabeko lehen ikasturtea izango da Gipuzkoako Eskola Kiroleko programan. Lurrikara sortu zuen sententziak eskola kirola amildegira eramango zuela zirudienean, aukera berrien hasiera suposa dezakeen testuingurura ekarri gaitu.
Hasierako ezinegona pasa ondoren, hausnarketa sosegatuagoak egiteko egoeran gaude eta oinarrian dagoen galdera gero eta argiago agertzen zaigu: zergatik egiten dute multikirola Gipuzkoako neska-mutilek?

Derrigortuta daudelako; hori izan zitekeen ikasturte hau hasi baino lehen erantzunetako bat. Erantzun itsusi honek ispiluaren aurrean jartzen gaitu. Bigarren galdera: benetan nahi al dugu baloreak oinarritzat dituen eskola kirol programa derrigortasunaren bidez sartzea familien etxeetan? Agian, gaizki ari ginen eta onartu beharra dago konplexurik gabe. Akatsetatik datoz gehienetan ikasgairik onenak.
Zergatik egiten dute multikirola Gipuzkoako neska-mutilek? Nahi dutelako, ikaragarri gustatzen zaielako. Horrek beharko luke erantzuna beti.
Hori lortzeko bidea hasi da eta eragile bakoitzak motxila goraino beteta dauka etxeko lanekin. Itsusia litzateke hemen zerrendatzea beste batzuen eginbeharrak, baina badago guztion ahalegina gida dezakeen ideia: herri denetan errefusa ezineko multikiroleko eskaintza erakargarriena osatzea, ikastetxe, guraso elkarte, udal eta Aldundiaren indarrak erabat lerrokatuta mantenduz.
Inork bidea bere aldetik egiten badu, planteatutako oinarrizko galderaren erantzuna bestelakoa izan daiteke, eskola kirol programaren balioen zerikusirik gabekoa.
Desiorik onenak ikasturte berriarekin multikirolean diharduten hezitzaile, koordinatzaile, guraso elkarte eta familiei. Bihotzez eskertzen dugu zuen lana.
___________________________________
Iker Etxeberria Atxa
Jarduera fisikoaren aholkularia
