Pasa den urtean ezin izan bagenuen ere, aurten berriz heldu genion FIBO azokara joateko ohiturari Athlon Kudeaketako taldeak. Gizarte indartsu eta osasuntsuaren helburuarekin, osasunaren, fitnessaren eta ongizatearen inguruko industriako arduradun nagusiak biltzen dira Koloniako erakusketa-zentruan.
Urtero topatzen ditugu fitness munduko berrikuntzak bertan, eta aurten ere gure arreta bereganatu duten hainbat kontu ikusi genituen. Lehenik eta behin, azken urteetako tendentzia apurtuaz, entrenamendu funtzional eta pisu librearen ordez, berriz ere, makina gidatuek presentzia handia izan dutela ohartu ginen. Plaken bidez, gorputz bolumena lantzeko helburuarekin sorturiko makinak izan dira etxe askoren apustu; ondorioz, entrenamendu funtzionala eta norabide horretan lan egiteko materiala (pisu askea, kaiolak…) apenas zeudela ikusi genuen.

Makina gidatuetan gainera, pantailen garrantzia geroz eta handiagoa dala ikusi genuen. Tapizerian ere aldaketa nabaritu genuen: maskulitatearekin oso lotua egon daitekeen beltza alde batera utzi eta Tecnogym marka handiak beige koloreko tapizeriadun makinaria aurkeztu zuen. Tecnogym markaz gain, Lifefitnesseko Hammer markak ere nagusi izaten jarraitzen du erakus-zentroan: beraien atzetik kokatuko genituzke Precor eta Matrix. Azokan gainera, orain arte ezezaguna zitzaigun etxe berria ere ezagutu genuen: Milon. Etxe honek Egym enpresaren antzerako teknologia erabiltzen du entrenamenduetarako. Presentzia esanguratsua zuen ere Etenon enpresak. Jaengo (Espainia) enpresa hori bisitatzen egon ziren pasa den hilean gure taldeko Iñigo eta Ibon.
Esan bezala, makina gidatuei bideraturiko negozioen ondorioz, lan kardiobaskularra egiteko ekipamendu gutxi ikusi genuen, baita igerilekuetarako edota jarduera fisiko gidatutako materiala.
Azken bisitan ez bezala, yoga eta meditaziorako tendentzia ere alde batera geratu dela ikusi genuen. Materiala eta aukera egon arren, duela bi urte egindako bidaian “natura – osasun mental – egurra”ren inguruko material eta aukera askoz gehiago bistaratu genituen.
Azken finean, fitness munduak ekarriko duena hautemateko balio izan digu bidaiak, baina baita LLopeko kide ohiak agurtzeko ere.
______________________________
Alazne Agirrezabalaga
