Zenbatetan geratu gara pentsatzen hezitzaile, guraso, monitore, irakasle zein gazteekin harremanetan gaudenok, zein den hauen ongizate optimoa lortzeko gakoa… Askotan bilatu ditugu metodologia berritzaileak, konfiantza zirkuluak eta hauen garapena ziurtatuko duten beste hainbat egoera… baina nola jakingo dugu ea gure lana ondo egiten ari garen?
Argi dagoena da kirola eta jarduera fisikoa gure bizitzaren zati garrantzitsu bat dala, eta nerabezaroan paper oraindik garrantzitsuagoa hartzen duela. Izan ere, aldaketa fisiko, emozional eta sozialen etapa honetan, kirola edo jarduera fisikoa praktikatzeak gazteen garapen integralean eragiten du, ohitura osasungarriak, diziplina eta talde lana eta jarraikortasuna bezalako baloreak sustatuz.
Ildo beretik jarraituz, gazte-garai honetan kirolak ez du soilik garapen fisikoan laguntzen, baita arlo mentalean ere eragin positibo asko ditu. Gaztaroan soinu ozenak dituzten gai ezberdinei (estres, antsietate, depresio, autoestimu, konfiantza…) aurre egiteko formula bikaina dela demostratuta dago. Are gehiago, gaitasun sozial ezberdinak erdiesteko ere balio duela garrantzitsua da aipatzea, hain zuzen ere, talde lanean jokatzen, arauak errespetatzen eta gatazken kudeaketa egoki eta efektibo bat barneratzen laguntzen du besteak beste, gazteen garapen pertsonal eta profesionalean eragin zuzena duena.

EMAKUMEAREN PAPERA JARDUERA FISIKOAN
Historikoki emakumeek kirolean izan duten parte-hartzea disparekotasun eta oztopo sozialengatik markatua izan da. Hala ere, denboraren poderioz, emakumeek beren gaitasuna eta talentua erakutsi dute hainbat kirol-diziplinatan, estereotipo horiek hautsiz eta mundu mailan lorpen handiak lortuz.
Aurrerapenak izan diren arren, oraindik badira zenbait erronka, hala nola ikusgarritasunaren eta baliabideetarako sarbidearen arteko ezberdintasuna. Funtsezkoa da kirolean genero-berdintasuna sustatzen jarraitzea, haur eta nerabeei aukera berdinak emanez edozein disziplinatan garatzeko, gizarteak ezarritako mugarik gabe.
Horretarako hainbat alderdi dira landu behar direnak emakumeak kirolean gehiago sartu eta hauen parte-hartzea sustatzeko;
- IKUSGARRITASUN EREDUAK; Emakume kirolari arrakastatsuei ikusgarritasun gehiago emateak kirol jardueretan parte hartzera bultza ditzake nerabeak.
- GENERO-ESTEREOTIPOAK EZABATZEA; Garrantzitsua da txikitatik heztea kirol-disziplina guztiak gizonek zein emakumeek egin ditzaketela.
- SARBIDE ZUZENA BERMATZEA; Beharrezkoa da instalazio, entrenatzaile eta baliabide egokiak eskaintzea, gazteek garapenerako aukera berdinak izan ditzaten.
Alderdi hauetaz aparte, badira beste hainbat arlo eraldatzeko daudenak eta horregatik kirolari askok ahotsa altxatu dute baldintza eta aukera berdintasuna eskatzeko. Hori horrela, emakumeen kirolaren etorkizuna geroz eta oparoagoa da, ekitatea sustatzeko politikak eta programa berriak ezarri dira, eta geroz eta erakunde gehiago ari dira neurriak hartzen helburu hauek betetzeko. Emakumeen liga profesionalen hazkundea, genero-berdintasunerako politiken ezarpena eta komunikabideen ikusgarritasuna areagotzea funtsezko urratsak dira aurrerapenarekin jarraitzeko.
Laburbilduz, kirola tresna indartsua da nerabezaroan garapen fisiko, emozional eta sozialerako. Emakumeak kirolaren esparruan parte har dezan bultzatzeak, bere ongizateari mesede egiteaz gain, gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzen ere laguntzen du. Gazteen artean kirola sustatzea, genero-bereizketarik gabe, gizarte gisa hartu behar dugun konpromisoa da, gutiontzako etorkizun osasungarriagoa eta bidezkoagoa bermatzeko.
____________________________________________________
Mikel Aizpurua Moreno
Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietako gradua
