Askotan hitz egindako gaia izan da ohituren ingurukoa, lagun, lankide zein pertsona ezberdinen arteko elkarrizketetan gai honek bere presentzia nabarmena izan du nire bizitzan. Herri ezberdinetako orientazio zerbitzuetan lanean ari naizenetik, ikuspuntu desberdinak ikusi eta gaia, hainbat kasu desberdinetan aplikatu eta sakontzeko aukera izan dut. Ez da lan erraza, ohiturak aldatu edo berriak bereganatzearena.
Badira bi urte lehen aldiz James Clear-en “Ohitura Atomikoak” (Hábitos Atómicos) liburuaren berri izan nuela. Hau irakurri eta laburtu ere egin nuen, (Aspalditik dudan ohitura da hau; interesgarriak jotzen ditudan liburuetatik puntu garrantzitsuak nabarmentzearena).
2025ean sartu garenetik, hainbat kasu eta kontextu desberdinetan aurkitu naiz liburu honen aipamen eta ezagutzarekin, hala, berriro esku artean hartu eta gainbegiratzearen lanari ekin diot.
Orientazio zerbitzuetan lan egiten dugunontzat interesgarria iruditzen bazait ere, edozeinentzat baliagarria izan daitekeela pentsatzen dut.
Gaurkoan, bertan aztertzen diren ideia nagusienak partekatu nahiko nuke zuekin.
Ohitura Atomikoak: Aldaketak gauzatzeko gakoa
Liburu honen muina, ohitura txikiek duten garrantzia da. Ohitura txikien konplexutasunari buruz hitz egiten du, non partikula txiki horiek beste sistema handiago baten parte diren, atomoak molekulen osagai diren bezala.
Bizitzako edozein arlotan egin ditzakegu aldaketak, gure bizi-kalitatea hobetzeko asmoz. Aldaketa erradikalak edota jauzi handiak bilatzearena ez da eskuartean duzun baliabideetatik etekin handiena aterako duzuna, aldiz, aldaketa txikiak eginez, pausoz pauso, denborarekin metatu egiten dira eta emaitza esanguratsuak ekartzen dituzte.
Liburuaren idazleak, giza portaeraren oinarrietan baliatuz, lau urratseko ziklo bat proposatzen du, non ziklo horren errepikapenak ohitura berrietan bilakatzen diren. Aipatutakoaren lorpenera iristeko, lau lege nagusi aipatzen dira.

1. Argi izan: Aldaketaren lehen urratsa, zer egin behar duzun argi izatea da. Diseinatu zure ingurunea, baliatu nahi den ohitura berria gauzatzea saihestezina izan dadin. Ohitura berria jada egiten duzun ohitura batekin lotu.
Adibidea : kafea hartzerakoan, eguneko helburuak idatziko ditut eguneko zereginak argi izateko.
Ohitura zaharra: Kafea hartu
Ohitura berria: Eguneko helburuak idatzi
2. Egin erakargarri: Ohiturak mantentzeko, motibazioa funtsezkoa da. Lotu ohitura bakoitza gozatzen duzun zerbaitekin eta inguratu zaitez helburu berdinak dituzten pertsonekin.
Adibidea: Gogokoen dudan musika entzungo dut ariketa fisikoa gauzatzen dudan bitartean.
a) Gozatzen dudana: gustuko dudan musika entzun
b) Ohitura berria : ariketa fisikoa
3. Egin erraza: Ez hasi handiegi, hastea bera da gakoa. Sinplifikatu prozesua eta aplikatu bi minutuko erregela: hasieran, huts egitea ia ezinezkoa den zerbait egin.
Adibidea: “Gehiago irakurri nahi dut”, esan beharrean, hasi “Egunean orri bat irakurriko dut» esanez. Zure nahiak orainaldira ekarri eta jarri dimentsio errealetan.
4. Gogobetegarri egin: Aurrerapauso bakoitza garaipen txiki gisa sentitu behar da. Ospatu lorpen txikiak eta mantendu jarraipen bisual eta sinple bat.
Adibidea: «Ohitura bat finkatzen dudan bakoitzean, markatxo bat egingo dut egutegian.»
Ohitura Txarrak Hautsi
Arauei buelta eman. Ohitura txarrak ezabatzeko, aurreko legeak alderantzikatu ditzakegu.
1.- Ikusezin bihurtu: Saihestu nahi duzun ohitura zure begi-bistatik kendu. Adibidea: Telefonoa gehiegi erabiltzen baduzu, jarri logelatik kanpo gauez edo desinstalatu denbora galdu arazten dizuten aplikazioak.
2.- Ez erakargarri bihurtu: Aldatu ohitura txarrarekiko duzun ikuspegia eta pentsaera.
Adibidea: Gozokiak jateari utzi nahi badiozu, irudikatu azukreak zure osasunean duen eragin negatiboa eta bilatu alternatiba osasuntsu eta atseginago bat, esaterako, fruituak; hauek zure gorputzean duten eragin positiboa irudikatuz.
3.- Zaildu: Errepikatzea zailago egin, inguruan oztopoak sortuz.
Adibidea: Sare sozialen erabilera murriztu nahi baduzu, jarri pasahitz konplexu bat edo aplikazio blokeatzaile bat erabili.
4.- Deseroso bihurtu: Sortu ohitura txar hori egiteak dituen ondorio negatiboak.
Adibidea: Telebista gehiegi ikustea saihestu nahi baduzu, gelan kontrolik gabe utzi edo kontsumitutako ordu bakoitzeko diru kopuru bat aurrezteko araua ezarri.
Oztopo txiki bat jartzeak aldea eragin dezake ohitura txar bat mantendu edo haustearen artean.
HELBURUEZ HARATAGO: ALDATU NOR ZAREN
Benetako aldaketa ez da helburu batera iristen zarenean gertatzen, zure nortasuna aldatzen duzunean baizik.

Nor zara zu egiten duzunarekiko?
| EZ ESAN | ESAN |
| Bizitza osasuntsuagoa izan nahi dut | Pertsona osasuntsua naiz, eta nire gorputza zaintzen dut |
| Kirol gehiago egin nahi dut | Kirolaria naiz, eta nire gorputza mugitzeko diseinatuta nago |
| Gehiago idatzi nahi dut | Idazlea naiz, eta nire ideiak hitzetan islatzen ditut |
| Denbora hobeto kudeatu nahi dut | Antolatua naiz, eta nire denbora ondo planifikatzen dut. |
| Dirua aurreztu nahi dut | Arduratsua naiz nire diruarekin, eta modu kontzientean gastatzen dut. |
Zure burua identitate berri batekin lotzen baduzu, ohitura berriak nortasunaren adierazpen bihurtzen dira, eta ez dira derrigorrezko eginbehar.
Sinesten dugun hortan bihurtzeko joera dugu, beraz, gure burua egiten dugunaren arabera definitu behar dugu.
Ez bilatu emaitza azkarrak; baizik eta garatu egunero haztera behartzen zaituzten sistemak. Imajinatu zure burua hemendik aldi batera, egin nahi duzun guztia erraz egiten.
Ohiturak autohobekuntzaren interes konposatua dira. Zure bizi osoaren osagai eta bizipenen elementu dira, eta emaitzak alde batera utziz, zure eguneroko errutinak bihurtzen dira. Haien emaitzak bizi eta gozatu egingo dituzu.
Diseinatu zure lehen urratsak eta ekiozu aldaketari gaur bertan. Hasiko gara?
_______________________________________
Izaskun Urkiola
