Jarduera fisikoa funtsezko zutabea da bizitza osasuntsua mantentzeko, bai arlo fisikoan bai mentalean. Gaur egungo gizartean, teknologiak eta bizimodu moderno sedentarioagoak nagusitzen ari direla dirudien garaian, ezinbestekoa da ariketa fisikoaren onurak eta gure eguneroko bizitzan txertatzeko estrategiak aztertzea eta hausnartzea.
Urte berriarekin batera, helburu eta asmo berriak planteatzeko une aproposa dugu, baina ezinbestekoa da horiek errealitatearekin bat egitea. Askotan, motibazio handiz hasten gara, baina gehiegi exijitzea edota helburuak larregi anbiziotsuak izatea eraginkortasunaren aurkako oztopo bihur daiteke. Jarduera fisikoa gure proposamenen artean badago, beharrezkoa da denboran iraungo duen plan bat diseinatzea, gure erritmo eta aukeretara egokituta. Helburu errealistek eta ondo pentsatuek aldaketa iraunkorrak egiteko aukera handiagoa eskaintzen dute.
Jarduera fisikoaren onurak amaigabeak dira. Ez dago ukatzerik ikuspegi fisikotik ekartzen dituen abantailak: gaixotasun kronikoen prebentzioa, giharren eta hezurren indartzea, eta eguneroko energia handitzea. Baina, askotan gutxiago aipatzen den arren, arlo mentalean duen eragina ere paregabea da. Endorfinen askapenak aldarte positiboa sustatzen du, estresa arintzen du eta loaren kalitatea hobetzen du. Gainera, ariketaren bidez, norberaren autoestimua eta erronkak gainditzeko gaitasuna indartzen da.

Hala ere, jarduera fisikoa gure egunerokoan integratzea ez da beti erraza. Batzuetan, lehen pausoa ematea bera bihurtzen da erronka nagusi. Arrazoi hori dela eta, guretzat erakargarria eta atsegina izango den jarduera bat aurkitzea da lehen urrats garrantzitsuena. Denok ez gara gimnasio zaleak, baina agian dantza egitea, mendian ibiltzea edo talde-kirol bat praktikatzea askoz motibagarriagoa izan daiteke. Ariketarekin gozatzeak ohitura iraunkorra bihurtzea erraztuko du.
Bestalde, egunerokotasunean planifikazio egoki batek funtsezko rola jokatzen du. Gure denboran espazio bat esleitzea, jarduera fisikoa beste edozein betebehar bezain garrantzitsua dela ulertzea eta ohitura bihurtzea ahalbidetzen du. Planifikazioa ez da bakarrik eraginkorra izateko tresna, baizik eta konpromiso pertsonal bat hartzeko modu bat ere bada.
Gainera, gaur egun eskura ditugun baliabideak aprobetxatzea ezinbestekoa da. Gaur egun, udalerri askotan jarduera fisikoko orientazio-zerbitzuak ditugu doan eskuragarri. Zerbitzu hauek aditu baten laguntza eskaintzen dute, eta horrek gure beharrak, aukerak eta limitazioak aztertutz, ditugun helburuei egokitutako programa bat diseinatzen lagun diezaguke, segurtasuna eta eraginkortasuna bermatuz.

Ez dugu ahaztu behar, gainera, komunitatean jarduera fisikoa egitearen indarra. Gure helburuak lagunekin edo senideekin partekatzeak, edo talde batean jarduteak, motibazio handiagoa sortzen du. Komunitate bateko kide izatearen sentsazioak ez bakarrik konpromiso handiagoa eragiten du, baita jarduera bera atseginagoa bihurtzen ere.
Amaitzeko, konstante izatea da garrantzitsuena. Ez da beharrezkoa intentsitate handiko saioak egitea egunero; egunero mugimendu apur bat egiteak emaitza hobeak ematen ditu etengabeko ahalegin handiak baino. Jarduera fisikoa gure bizitzan txertatzea ez da soilik gure oraingo osasunean inbertitzea, baita etorkizuneko ongizatean ere. Urrats txikiekin has gaitezke, baina eragina eraldatzailea izan daiteke. Urte berriak aukera aparta eskaintzen du norabide berri bat hartzeko; mugitzeko hautua egitea bizitza osasuntsuago eta zoriontsuago baten abiapuntua izan daiteke.
____________________________________________
Pello Uriarte Moreno
Jarduera Fisikoaren orientatzailea
