Fitness mundua uneoro eguneratzen dabilenaren jakitun gara Athlon Kudeaketan. Kiroldegitan lanean ditugun begiraleen gehiengo handiak goi mailako lanbide heziketako ikasketak ditu, baina gizarteak eskatzen dituen ikastaroetara moldatzeko etengabeko prestakuntza eskaini behar izaten diegu langileei.
Garai bateko aerobika gaur egungo zumbarekin konpara dezakegu; lehen spinning saioak emateko begiraleek CDak grabatzen zituen eta, gaur egun, programa zehatzak erabiltzen dira saioak emateko… Urte gutxitan saio motak eta saioak emateko moduak asko aldatu dira, urteetan eboluzionatzen joan dira, eta uneko joerak ezagutu behar ditugu begiraleak eguneratuta izateko eta ahalik eta erabiltzaile gehien gure instalazioetara gerturatzeko, azken helburua populazioa aktibo mantentzea baita.

Helburu zehatz bezain potolo hori buruan izanda osatu dugu Athlon Kudeaketako 2025. urteko formakuntza plana. 2024. urtean zehar unean uneko eta zerbitzuz zerbitzuko beharrak asetzeko formazio-saioak antolatzen joan garen arren, 2025. urterako formakuntza-plan osatuagoa egitea izan da erronka nagusia. Horretarako, urrian 222 langileri bidali genien beharrak eta interesak jasotzeko galdetegia, eta 93 erantzun jaso genituen (langileen %41,89k erantzun zuen).
Erantzun ohikoenak jaso eta aurrekontuak eskatu ondoren, osatu dugu proposamena, begiraleei ez ezik, harreragileei, mantenimenduko langileei, sorosleei, garbitzaileei, koordinatzaileei eta zuzendariei zuzendurikoa. Horrela, zenbait ikastaro langile orori eskaintzeko asmoa dugun bezala (adimen emozionala, lehen sorospenak edota denboraren kudeaketa), beste hainbat lanpostu zehatzetara bideratuko dira: dela sorosleentzako titulua eguneratzeko aukera, dela harreragileei bideraturiko “arazoen konponketa” ikastaroa.
Zuzendaritzatik langileei erakargarria izango zaien proposamena aurkeztu izana espero dugu eta, ondorioz, ikastaroetan parte hartzea esanguratsua izatea. Ikastaro bakoitzaren amaieran eta urte amaieran egindako balorazioek jarriko diote gure lanari kalifikazio-nota.
__________________________________________
Alazne Agirrezabalaga Beristain
