Seme-alabekin kiroldegira joaten naizenean, familiako aldagelak behar ditugunean beteta egoten direla nabaritu dut. Bitxia da, izan ere, gehienetan ez dira familiak aldagela horiek erabiltzen dituztenak, baizik eta banakako pertsonak, aldagela komunak saihestu nahi dituztenak. Ulertzekoa da, azken finean: gorputza agerian geratzen den espazio horietan, konparazioak eta epaiak ia saihestezinak bihurtzen dira. Bai helduentzat eta bai gazteentzat, espazio horiek deserosoak eta, batzuetan, estresagarriak ere izan daitezke.

Gorputz-hezkuntzako irakasle diren lankideek diotenez, eskoletan ere antzeko egoerei aurre egin behar izaten diete. Ikasle askok saihestu egiten dute dutxatzea, eta dutxatu direla irudikatzeko, era guztietako «trikimailuak» egiten dituzte, hala nola, besapeak bakarrik busti, ilea pixka bat buzti edo toalla iturrian busti… Espazio partekatu horietan egoteak antsietatea eta deserosotasuna eragiten die ikasle horiei. Bereziki nerabezaroan, non autoirudia eta autoestimua hain ahulak diren, pribatutasunik eza oztopo bihurtzen da, eta horrek ikasleen jarduera fisikoetan parte hartzeko prestasuna ere murriztu dezake.
Kirol-instalazioak arazo hori antzematen hasi dira, eta erantzun gisa, batzuek pribatutasun handiagoa ahalbidetzen duten egokitzapenak ezarri dituzte, hala nola kabina indibidualak edo dutxa pribatuak. Hala ere, hori ez da araua leku guztietan, eta gurasoentzat eta haur txikientzat diseinatutako familia-aldagelak gero eta gehiago erabiltzen dituzte espazio komunak saihestu nahi dituzten helduek eta nerabeek daude. Irisgarritasuna eta inklusioa ere jomugan daude, eta ekimenak daude aldagelak behar eta gaitasun desberdinetako pertsonentzat egokiak izan daitezen.

Eskoletan, aldagelak eremu kritikoa dira, non hainbat arazo elkartzen diren. Ikasle batzuentzat, leku horiek arrisku-puntuak bihurtzen dira. LGTBIQ+ komunitateko kide diren ikasleak bereziki kalteberak dira, isekak, eraso fisikoak eta bazterkeria jasateko arriskua baitute espazio horietan. Gainera, aldagelen banaketa binario tradizionalak ez ditu kontuan hartzen ikasle transgeneroen edo ez-bitarren beharrak, eta horrek arriskuan jartzen ditu, beraien identitatearekin bat ez datozen espazioetan egoteak segurtasun-falta eta erasoen aurrean babesgabe sentitzea eragin baitezake. UNESCOren txosten baten arabera, LGTBIQ+ gazteen %45ek jazarpena jasan dute eskola-aldageletan eta komunetan, eta horrek osasun mentalari ere kalte egiten dio, antsietatea eta depresioa areagotuz. Egoera horiek ikusita, askok saihestu egiten dituzte jarduera horiek.
Arazo horiek prebenitzeko, bai ikastetxeetan bai kirol-instalazioetan, funtsezkoa da jazarpenari aurrea hartzeko protokoloak ezartzea eta erabiltzaile guztien pribatutasuna eta nortasuna errespetatuko duten aldagelak diseinatzea. Irakasleek, gainera, gorputz-irudi positiboa eta elkarrekiko errespetua sustatzen lagun dezakete ikasleen artean, besteak beste, espazio komunak erabili behar direnean pribatutasuna eta inklusioa lehenetsiz. Kabina pribatuak eta identitate desberdinak kontuan hartzen dituen diseinuak alde handia ekar dezake ikasleen eta erabiltzaileen erosotasun eta segurtasunean.
Errealitate horren aurrean, galdera batek hausnarketara gonbidatzen nau: benetan ari al gara guztion inklusioa, errespetua eta erosotasuna bermatuko duten espazioak diseinatzen, edo oraindik ere eredu tradizionalak inposatzen ari gara, eredu horietan sartzen direnei bakarrik laguntzen dieten arauak mantenduz?
____________________________________
Neritzel Albisua Kaperotxipi
