Jarduera fisikoa eta kirola funtsezko tresnak dira Mondragon Unibertsitateko nazioarteko ikasleen integrazio sozial eta kulturala errazteko, ongizatea, inklusioa eta nortasun sentimendua sustatuz.
Ikasle batek izan ditzaken unibertsitateko bizipenak, esperientzia akademikoa baino askoz haratago doaz. Egia da, unibertsitatearen helburu nagusia ikasleei etorkizunean izango dituzten beharrei erantzuteko baliabideak eskaintzea dela, baina, ezin uka dezakegu, jende eta leku berriak ezagutzeko eta norbere burua garatzeko espazio ezinhobea ere badela. Gainera, egungo unibertsitateko sisteman oso errotuta daude gradu zein masterreko ikasleek beste herrialde batean egonaldiak egiteko programa espezifikoak eta horietan, batik bat, alor akademikoa bigarren plano batean geratzen dela oso nabaria da. Ez dago esan beharrik, mundu osoko lurralde ezberdinetatik datozen ikasleentzat bereziki, kultura, bizi ohitura eta testuinguru berrietara egokitzea erronka handia dela eta horrek guztiak dakarren konplexutasunaren ondorioz, jarduera fisiko edota kirola ezinbesteko tresna da.

Jarduera fisikoak, jatorri ezberdineko jendea beraien artean ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen digu, bertako ikasleekin harremanak sortzea barne. Topaketa horiek, jarduera fisikoa egiteak dituen onura fisiko eta emozionalez baliatzeaz gain, ikasleei zenbait hizkuntza, ohitura eta balio ezagutzeko parada ematen dizkie.
Kirolak dituen eragin positibo horiek aintzat hartuta, Mondragon Unibertsitateko Kirol Zerbitzutik nazioarteko ikasleentzat kirol jardunaldiak antolatu ditugu, harrera plana eta beraien arteko lehen sozializazio prozesuak errazteko. Harrera planaren baitan, beraientzako propio, Basque Culture kirol praktika eta Welcoming kirol ekintzak antolatu ditugu lehen hilabetean. Euskal Herriko joko-jolas tradizionalak ikasi eta beraien artean harremanak sendotzeko ekintza oso baliagarriak izan dira. Gainera, jarduera horietatik aparte, unibertsitate bertako ikasleekin ere hartu-emanak izan asmoz, hainbat mendi-irteera eta kirol txapelketa ere eraman ditugu aurrera.

Esan gabe doa, beraz, kirola eta jarduera fisikoak zeregin integrala dutela Mondragon Unibertsitateko nazioarteko ikasleen bizitzan. Osasun fisiko eta emozionalean dituzten onurez gain, aipaturiko jarduerak funtsezkoak dira gizarte loturak egin eta integrazio kulturala garatzeko. Unibertsitateak programa horien aldeko apustua egitean, unibertsitate esperientziak maila akademikoa ez ezik, hazkunde pertsonal eta soziala ere barne hartzen dituela bistakoa da.
Besterik gabe, eta bukatzeko, hezkuntza ibilbideko nazioartekotze prozesuetan argi eta garbi ikusi da, beste behin ere, ikasleen ongizate eta beharrei erantzuteko, jarduera fisikoa eta kirola nahitaezkoak direla eta Kirol Zerbitzutik makina bat ekintza ditugu martxan adierazitako helburuak erdiesteko.
_______________________________
Auritz Larrea Elorza
