Urriaren 16an bizkarrezurraren munduko eguna ospatzen da, eta aukera aproposa dirudi embrioi bat garenetik gurekin dagoen egitura ezinbesteko eta askorentzat ezezaguna den hau pixkat sakonago ezagutzeko.
Bizkarrezurra 33 bertebra edo ornoz eta disko interbertebralez osaturiko estruktura da. Ornoak hezurrak dira, zurrunak, eta diskoak urez eta kartilagoz osaturiko estruktura malguak dira. Disko hauek inpaktuak eta mugimenduaren karga xurgatzen dute, eta bizkarrezurreko mugikortasuna bermatzen dute egunerokotasuneko mugimenduak egiterakoan.

Ornoen barruan zulo bat dago, eta bata bestearen gainean jartzean kanal bat sortzen da, kanal medularra, eta bertatik bizkar muina edo gazteleraz “médula espinal” deritzona igarotzen da, eta bertebren arteko espazioetatik bi nerbio sustrai edo “raiz” ateratzen dira, bakoitza gorputzaren alde batera. Azken hauek gorputz osora informazio nerbiosoa garraiatzeko funtzioa dute.

Bizkarrezurraren funtzio nagusiak gorputza eustea, mugimendua baimentzea eta bizkar muina babestea dira. Hori litzateke bizkarrezurraren definizio anatomiko edo estandarra. Baina egia da askok harreman konplikatua dugula berarekin.
Sarritan estruktura konplexu hau patologia eta minen jatorria da, eta ez da harritzekoa, karga handia jasaten baitu. Honek zer esan nahi du, bizkarrezurra estruktura ahul eta hauskorra dela? Ba ez, justu kontrakoa da.
Bizkarrezurra oso estruktura sendoa, gogorra eta malgua da. Ez bakarrik lehen aipatutako disko eta hezurrengatik, baizik eta inguruan ligamentu, tendoi eta gihar ugari dituelako.
Egunerokotasuneko mugimendu guztiak, makurtzea, korrika, salto, pisua jaso… egiteko gaitasuna du soberan bizkarrezur osasuntsu batek.
Arazoa inguruko gihar edo estruktura horiek lana ondo egiten ez dutenean agertzen da, indartsu ez baldin badaude, lesio edo mina izateko arrisku handiagoa dago.
Giharren ahultasun hau sedentarismoarekin zuzenean lotuta dago, gorputzeko hezur, gihar eta tendoi guztien osasuna bermatzeko mugimendua, ariketa fisikoa eta indar entrenamentua ezinbestekoak dira eta. Ez badugu ariketa fisiko egokia egiten, eta gainera, gure eguneroko jarduera edota lanean postura mantendu eta mugimendu errepikakorrak baditugu, bizkarrezurra asko estresatzen dugu eta posible da karga horiei erantzuteko gai ez izatea. Orduan agertuko da mina edo lesioa.
Beraz, jaio aurretik eta bizitza osoan zehar gurekin egongo den lagun hau ondo zaindu eta mimatu behar dugu, eta hortarako mugiarazi, entrenatu eta aktibo mantendu behar dugu, urte askotan zehar arazo gabe gure bizimoduaren martxa jarraitu dezan, gure gorputza tente eutsiz.
_____________________________________________________________________
Manu Álvarez Elola / Fisioterapeuta
