Badira urte batzuk osasunaren kontzeptuak ikuspuntu aldaketa bat jasan zuela. Lehen, osasuna gaixotasun edo min eza zen, hau da, gaixotasunik ez zuen oro pertsona osasuntsua zen.
Gaur egun, kontzeptua askoz zabalagoa da, eta orain, osasuna ongizate fisiko, psikologiko eta soziala da, ez bakarrik gaixotasun eza. Testuinguru honetan, ezinbestekoa da osasungintzan lan egiten dugun guztiok pertsona baten dimentsio guztiak kontutan izatea, bakoitzaren bizi kalitate eta gizartean parte hartze egokia bermatzeko.
![](https://athlonblog.com/wp-content/uploads/2024/05/pexels-liza-summer-6382642.jpg?w=1024)
Osasun profesionalok ez ditugu belaunak, bizkarrak edota sorbaldak tratatzen, PERTSONAK tratatzen ditugu. Horregatik, ezinbestekoa da pertsona baten gaitz edo min fisikoa tratatzeaz gain, bere osasun emozionala eta partehartze soziala kontutan hartzea. Honen harira, urteetan zehar eta tamalez oraindik ere, mediku eta beste profesional askok debekuaren bide erraza hartzen dute beti. Zerbaitek mina egiten badizu, hori egiteari utzi eta kitto, arazoa konponduta. Kontsultan nahiko ohikoa den adibide bat: Marijo astean birritan joaten da lagunekin mendira. 66 urte ditu, jubilatua, eta bere pasioa da lagunekin elkartu, mendi buelta egin eta herrira itzultzean aperitiboa hartzea. Marijorentzat plan hori ez da osasun fisikoa bakarrik, emozionala eta soziala ere bada. Kontua da, azkenaldi honetan belauneko mina izaten hasi dela Marijo, eta medikuarengana joatean, mendira joatea debekatu dio, horrela mina izan ez dezan. Orain ez du belauneko minik, baina bere osasuna eta bizi kalitatea nabarmen murriztu dira. Ziurrenik guztiok dugu inguruan horrelako istorioren bat.
Arazo fisikoa estali egin da (ezin daiteke esan konpondu denik), baina bere osasun emozionala asko okertu da, oso mugatua sentitzen baita eta orain gutxiago ateratzen delako, eta horrez gain, beretzat ezinbestekoa zen partehartze sozial hori ere galdu egin du, lagunekin gutxiago egoten delako. Marijoren OSASUNA, ikuspuntu global batetik hartuta, eta bere bizi kalitatea okertu egin dira, nahiz eta orain minik ez duen. Ezin dugu esan beraz, lan ona egin dugunik bere kasuan. Badaude hori hobetzeko alternatibak, debekura jo gabe.
![](https://athlonblog.com/wp-content/uploads/2024/05/image-3.png?w=949)
Belaunak indartzea ditugu ariketen bitartez, gustoko dugun ariketa fisikora adaptatuz. Bendaje edo rodillerak erabili ditzazkegu karga murrizteko, edota bastoiak erabiltzen erakutsi bidea erosoago egin dezan. Noski, alternatiba hauek zailagoak dira. Balorazio sakon bat, planifikazio bat, jarraipen bat eta, azken finean, inplikazio eta lan gehiago eskatzen du horrelako tratamentu batek, debeku huts batek baino. Halaere, merezi izango du esfortzu eta inplikazio horrek, modu horretan bakarrik bermatu dezakegu eta Marijoren bizi kalitate eta osasunaren dimentsio guztietan ongizatea. Ez daude, oro har, jarduera debekatuak edo txarrak, baizik eta jarduera horietara ongi adaptatuta ez dauden gorputz edo estrukturak. Dosifikazio eta progresio egoki baten bitartez, ziurrenik gai izango gara ariketa hori modu seguru eta egoki batean egiteko.
Batzuetan, ariketa edo kirol hori murriztu edo moldatu egin beharko da, posible da lehen egiten genuen berdina egitea, baina murrizpen edo moldaketa horren eta debeku osoaren artean ezberdintasun nabarmena dago. Eta hori izan behar da osasungintzako profesionalon lana hain zuzen ere, eta erabiltzaile edo pazienteek eskatzen digutena: Ez soilik mina kendu edo gaixotasun eza bilatzea, baizik eta bakoitzaren eguneroko jarduerak, eginbeharrak eta afizioak modu egoki, seguru eta osasuntsu batean egiten laguntzea. Horrek, noski, lan eta inplikazio bat eskatzen du bai paziente eta baita profesionalaren aldetik, baina talde lanarekin emaitzak guztiontzat onuragarriagoak eta azken finean hobeak dira.
Ariketarik txarrena egiten ez dena da, sedentarismoa baita gaur egun gure osasunarentzat kaltegarrien den gaixotasun edo epidemia.
Pertsona aktiboak osasuntsuagoak dira, eta gehiago eta hobeto bizi dira, eta gaur egun badaude guztiontzat alternatibak, gustoko dugun eta ongi egiten digun jarduera edo kirol bat praktikatzeko, bakarrik edo lagunartean. Beraz, debeku absolutuak pixkanaka alde batera utzi, eta bizimodu osasungarriak sustatzeko bidea hartzeko garaia da, bai profesionalen eta baita gizartearen partetik ere.
______________
Manu Álvarez Elola
Fisioterapeuta