Jarduera Fisiko eta Kirolen zientzietako ikasketak egitean ikasi genuen zer den hezkidetza. Baina, irakasgai hura jasotzen ari ginen bitartean, eta baita gaur egun ere, iruditu zitzaidan kirol-hezkidetza norabide bakarrean egin dela: emakumeok pasa gara “gizonezkoen kirolak” praktikatzera; oraindik, oso mutil gutxi ikusten dira balletean, igeriketa sinkronizatuan edo gimnasia erritmikoan, adibidez.
Gaurkoan, aitzitik, emakumea gizonezkoen kiroletara bideratu izanak ekarri dituen ondorioez hitz egin nahiko nuke: kirol horiek praktikatzeak mutilen modura, mutilen materialarekin eta emakumearen fisiologia kontuan izan gabe egitea ekarri du.
Azken aldian bolo-bolo dabilen gaia da. Kasualitatez, Sara Alonso donostiar korrikalariaren kasua ezagutu nuen 2023. urtearen hasieran. Sarak 2022ko abenduan korrikalarien artean ohiko gisa izendatu dezakegun lesioa izan zuen: estresaren ondoriozko haustura, bere kasuan, aldakan. Lesiotik errekuperatzea kosta egin zitzaion. Inpaktuzko kirola utzi eta zaindu arren, hezurraren birsortzea denboran luzatu egin zen. Kausak aztertu ondoren, Sarak garbi adierazten du hezurraren birsortzea zergatik egin zen hain mantso: amenorrea, hilekorik eza, izan zuen pubertaroan, hezurrek osatze handiena pairatzen duten garaian. Eta honek eragin dio gaur egun lesioetatik errekuperatzeko zailtasuna. Dirudienez, ingurukoek eta entrenatzaileek ez zioten nahikoa garrantzia eman une hartan Alonsori hilerokoa desagertu izana, baina emakume baten osasun-maila adierazten du hilerokoak, besteak beste.
![](https://athlonblog.com/wp-content/uploads/2024/05/image-1.png?w=714)
2023ko uztailean, arrauneko denboraldia bete-betean, Patxi Leon ikerlari eta arraunlari-ohiaren elkarrizketa batek eman zidan atentzioa: emakume arraunlariek gizonezkoek soberan dituzten ontziak erabiltzen dituzte euren kirol-praktikarako eta, honek, sorbaldako lesioak emakumezkoetan askoz gehiago agertzea eragiten du, materiala ez baita emakumearen gorputzera ongi moldatzen.
Patxi Leon berak, Ane Arbillaga eta Beñat Larrinagarekin batera, emakume arraunlariek gorputz-pisuaren inguruan jasaten duten presioaz ere hitz egin dute. Gorputz-pisuak arraunean orokorrean garrantzia handia duen arren, emakumeek jasaten duten presioa eta honek duen eragina (elikadura nahasmenduak, adibidez) ikertu dituzte.
Gaur egun, adibidez, kiroldegietako egunerokoan emakumeak fitness-aretora sarriago gerturatzen direla nabaritu dugu. Garai batean gizonezkoen eremu kontsideratu genezakeena, orain neska gazteak ere maiz erabiltzen dute euren kirol-praktikaren oinarri bezala. Adi egon beharko dugu kiroldegietako arduradunok eta bertako begiraleek emakumeei euren neurriko kirol-aholkularitza eskaintzeko, osasun-egoera inolaz ere kaltetu ez dadin gizonezkoek egiten dutena egiten duten moduan errepikatzeagatik.
![](https://athlonblog.com/wp-content/uploads/2024/05/image-2.png?w=728)
Kasuak mila izango dira, eta ikerketa izango da helbururako bidea: edonork nahi duen kirola praktikatzeko aukera izan dezala, eskubide gisa, osasuna galdu gabe. Emakumearen gorputza, anatomia eta fisiologia ikertzea izango da errendimendurako gakoa. Diodan bezala, kirolaren inguruko ikerketa gehiago behar dira emakumeen gorputzaren inguruan, baina, kirolaz haratago, emakumeen anatomiaz oro har.
__________________________________________
Alazne Agirrezabalaga Beristain