Bada denboraldi bat Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuetan (JFOZ) lan egiten dugun teknikarion lan eredu edo gure eginbeharren inguruan hausnatzen hasi nintzela. Zein da zerbitzuaren helburua? Herritarrengan bizi ohitura aktiboak sustatzea. Horretan ez dugu zalantzarik. Baina guk, teknikariok, bizi ohitura aktiboak sustatzeaz gain, pauso bat haratago ere lan egiten dugula iruditzen zait; osasunean eragiten dugu (ez da zeregin makala). OME-ek (Osasunaren Mundu Erakundea) honela definitzen du Osasuna: «Osasuna ongizate fisiko, mental eta sozialaren egoera erabatekoa da, eta ez bakarrik gaixotasun eza».
Beste galdera bat ere planteatuko nuke; Guregana datozen herritarrek, bai osasun-etxetik edota udaleko ongizate sailetik deribatutakoek, nahiz norbere kontu datorrenak, ze behar dituzte? Hausnarketak behar hauek identifikatzera narama; sozialiazioa eta taldean sentitzeko beharra, entzuna izateko beharra, ohitura aldaketetan bidelagun bat izateko beharra, gizartean bat gehiago sentitzeko beharra… Eta guzti honekin, bizi ohitura aktiboak sustatu behar ditugu! Aupa Gu!
![](https://athlonblog.com/wp-content/uploads/2024/03/pexels-centre-for-ageing-better-11674389.jpg?w=1024)
Argi dudana da, guzti honi erantzungo dion herramienta potente bat dugula esku artean; MUGIMENDUA. Edozein herritarren egoera eta baldintzetara egokitzen dena, osasunaren definizioan agertzen diren kontzeptuak lantzeko gaitasuna duena, modu zuzenean edo zeharkakoan izan (fisikoa, mentala eta soziala) eta noski, herritarren beharrak asetzen dituena (hori iruditzen zait behintzat).
MUGIMENDUA da hitza, eta honi heldu behar diogu. Mugimendua izan behar da gure egunerokotasunerako lan giltzarria. Mugimenduaren bitartez herritarren ongizate fisikoa sustatu, mugimenduaren bitartez pertsonen ongizate mentalean eragin eta noski, geroz eta behar handiagoa dagoen sozializaziorako giltzarri izan. Bizi estilo aktibo eta sozial batek, gizabanakoaren ongizate emozional eta fisikoan eragiten du, edozein adin eta giza garapenaren edozein etapatan.
![](https://athlonblog.com/wp-content/uploads/2024/03/imagen1.jpg?w=1024)
Bitxikeriz eta amaitzen joateko, orain dela aste batzuk Legution pasatako istorio hau kontatuko dizuet. Kontxik, 70 urteko Legutioko emakumeak, “Legutio Mugituz Bizi”-ko asteroko talde saio praktikoetan hartzen du parte. Orain aste batzuk lesio bat tarteko, ohikoena izaten den moduan, denbora tarte batez saio praktikoetara ez etortzea izango litzateke normalena. Ba ez, Kontxi saiora agertu zen. Gainerakoak saio praktikoa burutzen zuten bitartean ahulki batean eseri eta bertan egon zen. Bai, jarrera sedentarioan, baina taldeko partaide sentitu zen eta taldean egotearen beharra asetu zuen: SOZIALIZAZIOA.
Hortaz, MUGIMENDUA ardatz, zaindu dezagun geure burua gainerakoei beraiena zaintzen lagun deizaiegun. Mens sana in corpore sano? Edo corpore sano mens sana? Berdin du, MUGITU GAITEZEN!
__________________________________________
Maialen Alkorta Agirre