Martxoko hilabete honetan, sarritan entzun izan dugun hitza da zaintza. Zaintza erdigunean, zaintza kolektiboa, zaintza eskola… zergatik dabil barra barra guztion ahotan hitz hau? Etorkizuneko zaintza ereduetaz ere sarri hitz egin da. Pertsona erdigunean jartzen duen zaintza ereduaz batipat.
Historikoki gizakiari lotua egon den hitz konplexu bat da. Ez lanbide gisa, “praktika zaintzaile” gisa baizik. Ezinbesteko jarduera bat izan da gizakiaren biziraupenerako. Hasiera batean, intuitiboki egiten zen zerbait bezala zen zaintza, ordainsari ekonomiko gabe, prestakuntza espezifikorik gabe.

Erlijioarekin ere lotura estuak izan zituen, bokaziozko zaintza bezala. Gaixoa zaintzen zen orduan, soilik gaixotasunean begirada jarrita. Osasuna eta eritazuna, jainkoekin lotua zegoela ere pentsatu izan zen, zeinetan ekintza onak egiten zituenak, osasuna izango zuen saritzat eta ekintza txarrekoak berriz, gaixotasuna zigortzat.
70eko hamarkadan hasi zen gaixotasunetik haratago begirada zabaltzen eta osasuna prozesu integral gisa ikusten, hau da, pertsona horri eragiten dion prozesuari begiratu eta zer egin daitekeen erabakitzen.
Ikasketa profesionalak ere aurrera egin zuten, 1977an erizaintza unibertsitateko karrera bilakatu zen arte. Inguruko prozesuei begira jarraitu izan dugu urteetan zehar. Hauek zertan eragiten diguten ezagutzeko. Ongizate integral baten bila. Ongizatea, gaixotasunik ez izatea zela pentsatzen zen garai haietatik, gaur egun arte. Horretan gabiltza lanean, prozesu horietan eragin nahian.

Epe motzean, zaintza izango da gizarte honen ardatz nagusietako bat, 2060an 3 pertsonetatik bat, 65 urtetik gorakoa izango delako. Nork zainduko ditu, nork zainduko gaitu? Nola zainduko ditugu, nola zainduko gaituzte? Zaintza ekosistema sortzean dagoela gako garrantzitsu bat esango nuke nik. Baina zer da zaintza ekosistema? herritik, herriarentzat sortzen den zerbait. Elkar zaindu, elkar elikatu, elkar ikasi eta saretu. Komunitate gisa funtzionatu eta nolabait, orain milaka urte geneukan helburu berbera lortu: “biziraun”.
Beraz, nahiz eta zaintzak bilakaera asko izan dituen, osasuna zer den ulertzeko ehundaka modu egon diren arren, izan ginenaren esentzia berberera bueltatzen ari garenaren sentsazioa daukat nik. Norbanakoaren bizitza betearen “vida plena”ren bila jarraituko dugu, etorkizuneko sekretua balitz bezala.
Beraz, Ruper Ordorikak bere abesti ezagun baten zioen bezala: “Zaindu maite duzun hori”.
——————————————————————————————
Dorleta Sologaistoa Aguiriano
