MobiDurango, Durangoko jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuak 4 urte daramatza martxan. Ikasturte honetarako arreta orduak eta ekintzak areagotzeaz gain, David Health gailuak gehitu dituzte zerbitzura eta gailu hauek zer diren eta zertarako erabili nahi dituzten ezagutzeko Ibon Bilbao, bertako orientatzaileari, elkarrizketa bat egin diogu.
Zer dira David Health gailuak?
Finlandian sortutako teknologia berritzailea duten gailuak dira. David Heathen soluzioa diagnostiko funtzional osoan eta bizkarreko nahasmenduak tratamenduaren kontzeptu propio batean oinarritzen da. David Healthek arretaz zuzendutako mugimenduak eta karga kontrolatuak aplikatzen ditu.
Banakako programak galdera-sorten, ebaluazio fisikoen eta diagnostiko funtzionalaren arabera planifikatzen dira. Gailuak bereziki diseinatuta daude lan-metodo seguru eta eraginkor bat eskaintzeko, gaitasun funtzionala, hau da, bizkarrezurraren mugikortasuna, indarra eta koordinazioa hobetzeko.
Hasierako saioan test ezberdin bi egiten zaizkio erabiltzaile bakoitzari, bata bere mugimendu tartea ezagutzeko eta bestea indarra neurtzeko.
Datu guzti horiek programa informatiko baten gordetzen dira erabiltzailearen ondorengo saioetan hobekuntzak emateko ariketa, errepikapenak eta denbora ezartzeko. Aplikazio horrek indarra Newtonetan neurtzen du eta mugimendu tartea angeluetan.

Nori zuzenduta dago dispositiboen erabilera?
Hasiera baten proba-pilotu bezala aurkeztu dugu MobiDurangoko zerbitzu honetan. Horregatik, bertako erabiltzaileen artean, gaitasun funtzionalak gehien hobetu dezaketen erabiltzaile multzo bat hautatu dugu. Talde honek abenduan amaituko du proba-pilotua. Baina ideia, zerbitzuko edozein erabiltzaileri irekitzea da. Esan bezala, orientazio zerbitzuaren eta dispositiboen helburua berdina da.
Ze ekarpen egin diezaioke Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuari?
Gailuen erabilera orientazio zerbitzuen barruan oso interesgarria izan daiteke. Erabiltzailearen egoeraren datu objektiboak ematen dizkio orientatzaileari eta saio bakoitza baino hasierako minaren zenbatekoa ere baloratzen da. Beti monitorearen gainbegiratzearekin egiten dira ariketak eta gainera, dispositiboek beraiek mugimendua oso kontrolpean egitera derrigortzen du erabiltzailea, horrekin guztiarekin min hartzeko edo lesionatzeko arriskua oso mugatua da.
Helburua bertan landutako gaitasun funtzional horiek gerora ere lantzen jarraitzea da, eta horregatik zerbitzuaren helburua jarraipena ematea da.
Zenbat iraungo du proba pilotuak?
Lehenengo proba pilotu honetan 18 saio izango dituzte. Lehen eta azken saioak ebaluazio testak egiteko erabiliko ditugu. Lehenengo test horietan emandako datuen arabera hurrengo 16 saio horietan erabiltzailearen gaitasun funtzionalak hobetzea izango da helburua. Horretarako 30 minutuko saioak izango dira eta astean bi aldiz egingo dituzte.
Denbora labur honetan pasa diren erabiltzaileei erreparatuz, kontaidazu hauen esperientzia:
Erabiltzaile bakoitzak bere pantaila dauka eta ariketak interaktiboak dira, hau da momenturo bertan agertzen da egin beharreko mugimendua, ze erritmotan, maiztasuna,… eta ondoren zeinen ongi egin duten ere baloratzen die. Horrek ariketa dibertigarria eta motibatzailea bihurtzen du, beraien lana zuzenean baloratzen zaielako eta horrek onurak lortzera bultzatzen dituelako.
Momentuz talde pilotuan parte hartzen ari diren erabiltzaileek gogoz eta ilusioz datoz saioetara. Abenduan izango ditugu datu objektiboak eta orduan egingo dugu txosten bat prozesua ebaluatuz.
