Osasunaren Munduko Erakundeak (OME), Kirol Medikuntzako eskola amerikarrak eta portaera sedentarioaren inguruko ikerketa sareak argi ondorioztatzen dute; sedentarismoa eta jarduera fisikorik eza dira azken 30 urteetan populazio helduan nabaritu diren gaitz ezberdinen hazkundearen erantzule nagusiak.
Azken urteotan, obesitatea, diabetesa, hipertentsioa, artrosia, bizkarraldeko minak, antsietatea, depresioa eta ezgaitasun funtzionalak bezalako gaitzetan antzeman dituzte sedentarismo eta jarduera fisiko ezaren eragin zuzenak eta ezinbestekoa iruditzen zaigu bi kontzeptu horiek ongi bereiztea.

Sedentarismoaren inguruan hitz egiten dugunean, lo ez gaudenean eserita eta gorputzeko zonalderen bat bermatuta burutzen ditugun jarduerei egiten diegu erreferentzia. Horiek, energia gastu txikia suposatzen dute egunaren zati handi batean eta unibertsitateko komunitatean asko ematen den egoera dela esan daiteke (ikasle zein langile ezberdinen artean).

Bestalde, jarduera fisikorik eza, OME edo aurretik aipaturiko erakundeek gomendaturiko gutxieneko jarduera fisiko mailetara ez iristea litzateke. Gogoratu, helduen kasuan aktiboa izateko gutxieneko maila hauek bete behar direla: astean intentsitate ertaineko jarduera fisikoa gutxienez 150 minutuz (azkar ibili, bizikleta, dantza, …) edo intentsitate altuko jarduera gutxienez 75 minutuz (areto bizikleta, igeriketa, talde kirolak, …). OMEren arabera, munduko populazioaren %60ak ez ditu gutxieneko maila hauek betetzen eta estatu espainiarraren kasuan, %36ak (emakumeetan gehiago izanik – %41,9 gizonezkoetan baino -%33,5).
Hori honela, pertsona sedentarioa izateaz gain, aurrez aipaturik gutxieneko jarduera mailetara iristen ez den ikasle edo lankideak, obesitatea, gaixotasun ezberdinak eta ezgaitasun funtzionalak pairatzeko aukera gehiago izango ditu.
Honen aurrean, active breaks edo atsedenaldi aktiboek eskaintzen dizkiguten onurak gero eta nabariagoak dira, gutxieneko jarduera fisiko mailetara iristeko baliagarriak izateaz gain, gure jardun sedentarioak eten eta mugimenduarekin konpentsatzeko aukera eskaintzen dizkigutelako. Kirol Zerbitzutik gure unibertsitate komunitatearen osasuna zaintzea helburu dugun heinean, atsedenaldi aktibo hauek burutzeko aukera eta baliabide ezberdinak eskaintzen jarraituko dugu ikasle eta langileen artean. Horretarako, campus ezberdinetan kirol edo jarduera ezberdinak praktikatzeko guneak jarriko dira (badmintona, mahai tenisa, diana, jarduera berriak, …) eta eguerdietako tarteak aprobetxatuz, batez ere langileei zuzenduriko jarduerak eskainiko dira (Yoga, korrika taldeak eta mugikortasuna,
indarra eta malgutasuna lantzen diren MU Fit saioak adibidez).
Beraz, batu bizi ohitura osauntsuetara eta baztertu jarrera sedentario eta jarduera fisikorik eza!
____________________________
Oinatz Agirre Abasolo
